Eutanasia-eskubidea errealitate bilakatuko da bihar Euskadin

0

Bihar sartuko da indarrean Eutanasia arautzen duen Legea (martxoaren 24ko 3/2021 Legea). Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak prestazio berri hori berme guztiekin eskaini ahal izateko egin beharreko jarduketa guztiak egin ditu.

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak honako hau esan du: “bihar, beste urrats bat gehiago emango da, hala erabakitzen dutenen alferrikako mina eta sufrimendua saihesteko”. Era berean, gogorarazi du “eutanasia eskubide bat” dela eta “ez betebehar bat”, eta legea oso bermatzailea dela prozeduretan, bai lagundutako heriotzara joko dutenentzat bai praktika horiek kontzienteki egiteari aurka egiten dioten profesional sanitarioentzat.

EGINDAKO EKINTZAK

Eutanasiaren prestazioa abian jarri aurretik, Legeak eskubide hori betetzen dela bermatzeko aurreikusten dituen jarduketa guztiak bete ditu Osasun Sailak. Horien artean nabarmentzekoak dira Berme eta Ebaluazio Batzordea sartzea eta herritarrek eta osasun-arloko profesionalek beren eskubideak eta betebeharrak ezagutzeko beharrezkoak diren informazioa eta sentsibilizazioa zabaltzea.

Gainera, osasun-langileei Legeari buruzko prestakuntza eskaintzen zaie, ikuspuntu tekniko, etiko eta juridikotik. Era berean, legea aplikatzearen ondoriozko beste batzuk ere egin dira, hala nola historia kliniko elektronikoan egin beharreko aldaketak; mediku arduradunaren eta mediku aholkulariaren lana erraztea, bai eta Batzordearena berarena ere, eta kontzientzia-eragozpenerako Erregistroa formalizatzea. Erregistro horretan, ekainaren 22tik aurrera, Euskadiko edozein osasun-profesionalek adieraz dezake kontzientzia-eragozpena.