Europako funtsak optimizatzeko lankidetza publiko-pribatuaren alde egin dute Eusko Jaurlaritzak eta CEOEk

0

Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioa (CEOE) bat datoz esatean lankidetza publiko-pribatua Europako funtsen optimizazioaren oinarri izan behar dela; hain zuzen, funts horiek, susperraldira eta eraldaketara bideratuta, ekonomiaren aldaketarako palanka izateko.

Hori da gaur, osteguna, partekatutako diagnostikoetako bat, Ekonomia eta Ogasun Saileko ordezkaritza batek eta CEOEk Madrilen egindako bileran. Eusko Jaurlaritzaren aldetik Pedro Azpiazu sailburua, Jordi Campas sailburuordea eta Yurdana Burgoa Kabineteko zuzendaria izan dira. CEOEren aldetik, berriz, José Alberto González-Ruiz Idazkari nagusiak, Gregorio Izquierdo Ekonomia Saileko zuzendariak eta Luis Socías Europako Proiektuen Bulegoko buruak hartu dute parte.

Topaketa hori Ekonomia eta Ogasun Saila egiten ari den bilera sektorialen egutegiaren barruan sartzen da; hain zuzen, helburua duena Euskadi suspertzeko, eraldatzeko eta erresilientzia lortzeko inbertsio-programa zuzenean azaltzea. Programa hori Euskadi Next 2021-2026 programan laburbildu da. Jaurlaritzak maiatzaren 18an onartutako plana da, eta energia-trantsizio ekologikoaren, trantsizio digitalaren eta kohesio sozialaren erronkei aurre egiteko diseinatutako ekimen publiko eta publiko-pribatuen multzo koherente eta sendoa biltzen du.

Bilera honen arrazoia da, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, enpresa-sektoreak, enpresa handiek eta ETEek funtsezko eginkizuna dutela Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoen (SEM) hornikuntzara bideratutako milioiak ondo bideratzeko, “España Puede” plana gauza dadin. Plan horri Euskadi Next Programa aurkeztu zaio, kontuan har dezaten.
CEOEk azpimarratu du Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko koordinazioa bizkortu egin behar dela, funts horiek errazago iristeko, eta, arrazoizko epeetan inbertsio-proiektuetara bideratu ahal izateko; izan ere, horiek gauzatzeko denbora-tarte txikia baitago. Ildo horretan, gogorarazi dute «España Puede» planak 24.000 milioi euro baino gehitxoago esleitu dituela jada aurten, hau da, aldi osorako funtsen %35; noiz eta 2021eko hilabete gutxi batzuk baino ez direnean geratzen planaren gauzapenerako.

Azpiazuk azpimarratu du Euskadi Next Programak krisi hau inbertsio publikoari eta pribatuari bultzada bat emateko aukera bihurtzea planteatzen duela, bi inbertsioak baztertzaileak ez, baizik eta guztiz kontrakoa, elkarren mendekoak direla erakutsita.