Eusko Jaurlaritzak motibo politikoengatiko indarkeria jasan duten 35 biktima egiaztatuak aitortu ditu

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Berrehun pertsona inguru bildu dira Euskalduna Jauregian, Euskadin 1960aren eta 1985aren artean motibo politikoengatiko indarkeriaren biktima izan ziren lehen 35en aitorpen-ekitaldi hunkigarri batean. “Memoria, egia, aitorpena, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermea”, esan du Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen urraketaren inguruan dituen printzipioen isla gisa. Artolazabalek gogorarazi du, gainera, ekitaldi horren ospakizuna bat datorrela Torturaren Biktimei Laguntza emateko Nazioarteko Egunarekin.

EAEn motibazio politikoengatiko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketen biktima direnen aitorpenerako eta erreparaziorako Balorazio Batzordeak jaso dituen mila espediente baino gehiagoren artean 35ak aitortu dira.

Euskalduna Jauregiko ekitaldia Iban Garatek aurkeztu du, eta akreditatutako pertsonen zuzeneko edo familiako 30 biktimek, Iñigo Iturrate, Julen Arzuaga, Idoia Mendia, Miren Gorrotxategi eta Balorazio Batzordeko kideek parte hartu dute. Halaber, Jose Antonio Rodríguez Ranz sailburuordea, Monika Hernando zuzendaria eta Aintzane Ezenarro Oroimenaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Euskal Institutuko zuzendaria izan ditu lagun Beatriz Artolazabalek.

“Zuok baino ez dakizue zer bizi izan zenuten. Are min handiagoa bizi behar izan duzue: denboran aurrera egiteak eragiten duena, ahanzteak, isiltasunak eta ukapenak eragiten dutena.  Zuon egia, geure egia, egia soziala eta guztion egia izan behar dena berrezartzen eta aldarrikatzen. Isiltasun gehiagorik ez”, esan die Artolazabalek biktimei.

Sailburua irmo agertu da honako aitorpen hau egitean: “giza eskubideen urraketa larrien biktima izan zineten; bidegabeko indarkeriaren biktima izan zineten eta, indarkeriaren eta eskubideen urraketen biktima guztiak bezala, lehen mailako biktimak zarete, ez baitago bigarren mailako biktimarik”.

Beatriz Artolazabalek, bestalde, aitorpen-hitz batzuk izan ditu, Balorazio Batzordeko kideentzat; legelariek, medikuek, psikologoek, forentseek eta historialariek osatzen dute, besteak beste. “Mila esker, zuon lanagatik, zuon dedikazioagatik, zuon zehaztasunagatik eta zuon profesionaltasunagatik. Giza eskubideen babesaren eta herrialde honetako oraintsuko memoriaren eraikuntzaren bermerik onena zarete”, esan die.

Hasieran, sailburuak bertaratutakoak minutu bateko isilunea egitera gonbidatu ditu, hildako biktimen omenez. Hori horrela, berariaz aipatu ditu “Koldo Arriola, Felipe Suárez eta Felipe Carro, Guardia Zibilaren eskutik hildakoak”; eta “Felipe Laraudogoitia, María Josefa Bilbao, Mikel Azpillaga, José Mari Madariaga, Juan Mari Zuloaga, Ion Arretxe eta Idoia Aierbe, dagoeneko hildakoak, ezin izan dutela euren egia eta duintasuna berrezarrita ikusi”.

Sailburuaren ondoren, Juana Balmaseda abokatuak hartu du hitza, Balorazio Batzordeko presidenteak, eta hitz hunkigarri batzuk eskaini dizkie biktimei. Balmaseda enpatiaz zuzendu zaie, eta bere lanean duen “konpromisoaz” eta “sufrimenduarekiko errespetuaz” hitz egin du. Era berean, eskerrak eman ditu biktimek beraiek erakutsitako konfiantzagatik, “haien egia jasotzeko eta entzuteko” erakutsi dutenagatik.

“Balorazio Batzordean badakigu kasu bakoitza indibiduala dela, eta erabat errespetatzen ditugu kasu bakoitzaren sufrimendua eta mina”, esan du. Aldi berean, gogorarazi du lan baten lehen fasea dela oraingo legea abian jarri zenetik (1999ra arteko kasuak barne hartuko ditu), nahiz eta bere lanari ekin 1978an amaitu zen aurreko arauaren eskaera berrarrantzatuekin.

Hitzen ondoren, karpetak banatu zaizkie biktimei; karpetetan, kasu bakoitzaren ebazpena eta irizpena jasotzen dira. Hala, alfabetoaren hurrenkeraz deitu zaie Euskalduna Jauregira bertaratu diren 30 pertsonei.

Kukai Dantza taldeak dantza berezia egin ondoren –zenbait emankizun eskaini ditu–, ekitaldiko benetako protagonistek hartu dute hitza: biktimek.

Hala, Ibon Garatek hiru historiaren protagonistei, hiru biktima aitorturi, eman die hitza, eta haien urte hauetako mina islatzen dituzten esperientziak kontatu dituzte. Belén Matabuena balmasedarrak hitz egin du, eta honela definitu du bere burua: “emakumea, euskalduna eta langilea”. 1973an, Polizia bere etxean sartu eta atxilotu egin zuen, beste pisukide batzuekin batera. Komisaldegian egon zen hiru egunetan torturak jasan zituela salatu zuen. Bi urte geroago, berriro atxilotu zuten, eta berriro ere jasan zituen eraso fisikoak. Jasan zituen mehatxu eta tratu txar asko emakume-izaera baliatuta gertatu ziren.

Inés Barayazarraren historia ere ezagutu dugu; Meñakan jaio zen, baina Bakion bizi da. 23 urte zituen, lehenengoz atxilotu zutenean. 1972an izan zen, eta, geroago, 1975ean, beste bi aldiz atxilotu zuten, eta torturak, tratu txarrak eta mehatxuak errepikatu ziren, eta Pilar ahizpak ere jasan zituen. Ekitaldiak bera ere egiaztatu du motibazio politikoarengatiko indarkeriaren biktima gisa.

Felipe Suárez Delgado, Felipe Suárez Pérez semearen ahotsean, hirugarren historiaren protagonista izan da. Felipe aitak 29 urte zituen eta Zestoara itzultzen zebilen, lagun batekin batera; bat-batean, Guardia Zibilak ibilgailua metrailatu zuen. Lekukoen hitzetan, metrailaketaren lekuan ez zegoen polizia-kontrolik adierazten zuen seinalerik, eta ez zieten gelditzeko agindurik eman. Feliperen laguna zauritu egin zuten, baina bera hurrengo egunean hil zen, buruko bala-zauri baten ondorioz. 1976ko apirilaren 10a zen.

Kukairen emanaldi berri bat eta biktimadun familiaren argazki bat eta Balorazio Batzordeak ekitaldia amaitutzat eman dute.