Klima-aldaketari aurre egiteko Afrikako 11 herrialdetako praktikak aurkeztu dituzte

0

eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin, Inades-Formation Garapen Ekonomiko eta Sozialaren aldeko Afrikako Institutuak konferentzia birtual bat egin zuen ekainaren 23an eta 24an. Bertan, Euskadiko, Afrikako eta Europako ehun pertsona baino gehiagok parte hartu zuten. Saioetan, Afrikako 11 herrialdetako klima-aldaketara egokitzeko 50 jardunbide egoki eta landa-gobernantza inklusiboari buruzko ikerlan baten emaitzak aurkeztu zituzten.

ACNUR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Agentziaren arabera, 2019an, Saharaz hegoaldeko Afrikako hiru milioi pertsona baino gehiago desplazatu behar izan ziren. Pascal Baridomo, Inades-Formationen programa zuzendariaren hitzetan, “Klima-aldaketak eragiten ditu uholdeak eta lehorteak, suteak, basoen eta biodibertsitatearen galera, migrazio behartuak eta baliabideen kontrolarekin lotura duten indarkeria-gatazkak”.

Saioetan, Inades-Formation-ek ikertutako esperientzietako batzuk aurkeztu zituzten; besteak beste, egurra ez xahutzeko erregai alternatibo gisa karite-gantza edo anakardo-oskolaren erabilpena Ruandan; ura aprobetxatzeko zaipits edo landaketarako hobien sortzea Kenyako eremu idorretan; baso-eremuen babes komunitarioa Burkina Fason elikagaiak modu iraunkorrean lortu ahal izateko edo uholdeak aurreikusteko alerta sistema komunitarioa Togon.

Paul Ortega, eLankidetzako zuzendariaren hitzetan, horrelako topaketekin “Afrikako eta Euskadiko eragileen arteko harremana eta elkar ezagutza sustatu nahi dugu; klima-aldaketa bezalako arazo globalei aurre egiteko funtsezkoa delako munduan sortzen diren praktiken ezagutza eta esperientzien trukaketa”.

Inades-Formation 1962tik Afrikan bidezko garapen iraunkorra sustatzen duen elkartea da. 10 herrialdetan du presentzia, eta eskarmentu handia dauka ikerketa lanetan; besteak beste, klima-aldaketa eta lurralde garapen inklusiboan. eLankidetza 2018an hasi zen erakundearekin lanean, eta aurkeztutako txostena laguntza horren ondorioa da.