“Euskalgintza” deialdiko eskariak euskara sustatzeko proiektuak laguntzeko eskaerak

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak ekainaren 15eko bileran onartu zuen “Euskalgintza” deituriko 2021eko deialdia. Gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko laguntza hauetara 1,3 milioi euro bideratuko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta 2021ean burutuko diren egitasmoak izango ditu kontutan. Interesa dutenek bihartik aurrera hilabeteko epea izango dute eskariak aurkezteko.

Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen egitasmoak:

  •  A multzoa: 750.000 euro erabiliko dira lau motatako proiektuak laguntzeko. Orain arte bezala, euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko egitasmoak, batez ere gazteei zuzendutako aisialdiko eremuetan eta bestetik, aisialdiko hezitzaile, dinamizatzaile edota begiraleei begira, euskarazko eta euskarari buruzko prestakuntza eta material-sorkuntza lagunduko da. Aurtengo berrikuntza bezala, euskararen erabilera soziala sustatzearekin eta euskarazko ahozko komunikazioa hobetzearekin zuzeneko lotura duten jarduerak, lagunduko dira. Hemen lehenetsiko dira mintzapraktika lantzeko egitasmoak eskola eremuan, beti ere, curriculum esparrutik  eta gelatik kanpo. COVID-19ak eragindako itxialdi luzearen ondorioz haur eta gazte askok euskara erabiltzeko dituzten eremuak murriztu dira eta ondorioz hiztun berri eta gazteei esparru ez formalean ahozkotasuna lantzeko guneak sortzen laguntzea da lerro berri honen helburua. Eta azkenik, aurten lehengoz, kiroletako begirale edota entrenatzaileentzako euskarazko eta euskarari buruzko prestakuntza eta material-sorkuntza lagunduko da. Izan ere, gazteentzako kirol entrenatzailea erreferente garrantzitsua dela jakinda, entrenatzaileak gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko gaitasuna izan dezake. Gaitasun hori indartze aldera euskarazko prestakuntza eskaintzea eta hizkuntza estrategia batzuk garatzea tresna indartsuak izan daitezke.
  • B multzoa: Euskaldunen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko asmoz, gizarte aktibazioaren bidez, hizkuntza-ohiturak aldatu eta hiztunak aktibatzera bideratutako programak ekintzak eta jarduerak. 125.000 euro erabiliko dira proiektu hauek laguntzeko.
  • C multzoa: Euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburua duten jarduera eta egitasmoetara 50.000 euro bideratuko dira.
  • D multzoa: deialdiko berrikuntzetako bat da multzo hau. Ingurune Digitalean euskara sustatzeko deialdia Euskalgintzakoan txertatu delako. 300.000 eurorekin batetik, teknologia berrietan oinarrituta, nerabe eta gazteen aisialdirako euskarazko edukiak sortu eta hedatzea helburu duten egitasmoak lagunduko dira eta bestetik Interneten edukiak euskaraz soilik hedatuko dituzten web gune tematiko ez komertzialak.
  • E multzoa: Euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak laguntzeko 35.000 euro erabiliko dira.
  • F multzoa: 40.000 euro bideratuko dira euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak laguntzeko.
  • G multzoa: Euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak laguntzeko 50.000 euro erabiliko dira.

2020ko deialdia

2020ko deialdian guztira 107 egitasmo lagundu ziren diruz, besteak beste, Arabagara Euskaldunon Elkargunearen “Kuadrillan mintza”, Ttakun Kultur Elkartearen “Gaztekluba eta kuadrilategi”, EDE Fundazioaren “Asteburuetan jolas, txango eta solas” edo Bizkaiko Urtxintxa Astialdi Eskolaren “Familian euskaraz jolasean”.