Erakunde adierazpena Donostian, Nazioarteko LGBTI Harrotasunaren Nazioarteko Egunean

0
binary comment

Urtero bezala, ekainaren 28an, LGTBI talde eta pertsonen borroka luze eta estimaezina aitortu nahi dugu; pertsona horiek beren bizitza eta ahaleginak sexu askapenerako borrokaren alde eman dituzte, eta, gaur egun ere, sentsibilizazio, kontzientziazio eta eraldaketa lan bat egiteko antolatzen ari dira. Era berean, Udal honek LGTBI pertsonen eskubideekin duen konpromiso politikoa berretsi nahi dugu, gaur ez ezik, eta urteko egun guztietan ere.

Horregatik guztiagatik, Donostiako Udalak

1. Gogor gaitzesten ditu gure lurraldean gertatutako LGTBIfobiako erasoak, eta elkartasuna adierazten dio Ekain Perrinori, Basaurin gertatutako azken eraso homofoboaren biktimari, Amorebieta-Etxanoko eraso homofoboak eta Gasteizko pintada homofobo eta transfoboak.

2. Udalerrian gertatutako LGTBIfobiako eraso eta hilketak erregistratzeko, kontabilizatzeko eta horien berri emateko behar diren baliabideak sustatuko ditu, eta LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean erakundeen arteko koordinazio, arreta eta erantzun protokoloekin jarraituko du.

3. Hainbat esparrutan (hezkuntza, kultura, komunikazioa, enpresa eta gizartea, oro har), gorrotozko diskurtsoei eta erasoei aurre egiteko ekintzak bultzatzen jarraituko du, eta sexuen hezkuntzan eta trans errealitatea barne hartzen duten hezkidetza prozesuetan esku hartuko du, sexu hezkuntzako profesionalekin eta gizarte hezkuntzako eragileekin lanean.

4. Sexuen hezkuntzari eta sentsibilizazio feministari buruzko kanpainak egingo ditu, honako hauek erdigune hartuta, kontzientzia kritikoa hartzea errazteko: gizakiaren sexu izatea, sexuen eta generoaren inguruko ezagutza, zis-heteronormatibotasuna genero berdintasuna, desiraren sexu orientazioaren adierazpenen aniztasuna, sexu identitatea, genero adierazpenak eta LGTBI pertsonenganako indarkeriaren eta diskriminazioaren askotariko adierazpenak eta moduak.

5. Espainiako Gobernuari hertsatuki eskatzen dio aurrera egin dezala Tratu Berdintasunerako eta Bereizkeriarik Ezerako Legea onesteko prozesuan, gaur egun Parlamentuan izapidetzen ari direlarik, eta adostasunez bultzada eman dezala LGTBI eta Trans lege baten bidez, premiazko behar bat delako.

6. Herritarrei dei egiten die gure herri eta hirietako LGTBI mugimenduek eta mugimendu feministek deitutako ekintzetan parte hartzera. Foro publikoetan, hedabideetan eta gizarte sareetan gaur aniztasunaren aldeko borroka eguna dela ikusarazteko sentsibilizazio eta erreibindikazio ekintzekin bat egitera animatzen ditugu herritarrak.