Iñurritzako Biotopoa eta Zingira Basora bisita gidatuak

0

Uda honetan Iñurritzako Biotopoa eta Zingira Basora bisita gidatuak antolatuko ditu Zarauzko Udalak, gure herriko gune berdeak ezagutaraztera emateko intentzioarekin. Udalak bost urte daramatza bisita hauek antolatzen eta aurten ere, Deba Natura enpresaren eskutik, ostiral arratsaldero ekimen honetan parte hartzeko aukera izango da. Aurreko urteetan oso harrera ona izan dute aurreko urteetan, uda bakoitzean 150 pertsona inguru bilduz.

“Aurreko urteetako esperientziaz jaso dugun informazioa da irteera hauetara gerturatzen den jendea zarauztarra eta inguruko herrietako dela” azaldu du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak. “Pozgarria da zarauztarrek gure herriko naturguneekiko daukaten interesa ikustea, eta honek ekintza hauekin jarraitzeko indarra ematen digu”.

Lehenengo bisita gidatua Iñurritzako Biotopora izango da uztailaren 2an, 18:00etan, Borghetton abiapuntua izanik. Biotopora egindako bisitak bi orduko iraupena izango dute eta Aranzadirekin batera argitaraturiko liburuxka bat banatuko da bertako dunetako landaredia aztertzen lagunduko duena. Biotopoko hegaztien behaketa ere egingo da, identifikatzen ikasteko, behatokietan jarritako panelen laguntzaz.

Hurrengo ostiralean, uztailak 9, Zingira Basoaren txanda iritsiko da. Bigarren ibilbide honen iraupena bi ordu eta erdikoa izango da eta basoaren biodibertsitatearen inguruko informazioa laburtzen duen folleto bat banatuko da bisitariei. Ondoren ostiralero txandatzen joango dira bi bisita gidatu hauek irailaren lehengo ostirala arte. Bi bisitetan gehienez 20 pertsonako taldeak egingo dira eta, beharrezkoa izango balitz, bi talde osatuko dira, bat euskarazko argibideekin eta bestea gaztelaniaz.

“Iñurritzako biotopoa errefentziazko naturgunea da gure inguruan. Nahiz eta tamainaz txikia izan, biltzen duen bioaniztasunagatik, bisita gidatuak egiteko leku aproposa da hau” adierazi du Diego Mendoza zerbitzu honetako gidariak. “Zingira Basoaren altxorrik handiena bere artelatz basoa da, Euskal Herriko artelatz basorik handiena osatzen duena”.

Bisita gidatu hauetara etorri ahal izateko Zarauzko Turismo Bulegoan izena eman beharko da.

Zarauzko Turismo Bulegoa
Kale Nagusia 30
943 83 09 90
turismoa@zarautz.eus