Zarauzko Udako egitaraua

0

Zarauzko Udalak uda honetarako prestatu duen egitaraua aurkeztu du. “Publiko guztiari zuzendutako egitarau anitza osatu dugu uda honetarako” adierazi du Ixidor Larrañaga (EAJ-PNV) Jai eta Ekitaldien zinegotziak. “Era askotako ekitaldiak izango ditugu, musika, kirola, kultura eta ingurumena uztartuko dituztenak”.

Bi bertso saiok emango diote hasiera udari uztailaren 9 eta 10ean. Motxian bertso eskolak antolatuta, bertso musikatuak izango dira protagonista larunbateko ekitaldian eta igandean, aldiz, Oier Aizpurua, Uxue Alkorta, Aner Euskitze, Nerea Isusi, Uxue Ostolaza eta Julen Zulaika bertsolariak izango dira Villa Manuelako frontoian. Larubateko saioan, gainera, Basarri Bertso Paper sariaren sari banaketa egingo da, aurtengo edizioko irabazlea omentzeko.

Kirolak ere berebiziko garrantzia izango du Zarautzen udaldi honetan. Herri kirolen zaleentzat, abuztuaren 1ean ‘Bi harri’ txapelketa jokatuko da, non 10 harrijasotzaile bi harri irregularrekin lanean arituko diren ahalik eta altxaldi gehien lortzeko.

Abuztuaren 14 eta 15ean Zarautz Kantauriko arraunaren hiriburu bilakatuko da, sei estropada lehiatuko baitira hemen bi egun hauetan zehar. Larunbat goizean KAE-2 txapelketako Zarautz Arraun Elkartearen XII. Ikurriña eta ETE Ligako Zarauzko Arraun Elkartearen Emakumeen I. Ikurriña jarriko dira jokoan Zarauzko uretan. Ondoren Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako traineruak Zarauzko XLIV. eta XIII. Ikurriñak lehiatuko dituzte, hurrenez hurren, udako arraun hitzordurik garrantzitsuenetariko bat bilakatu den jardunaldi bikoitzean.

Kontzertuek ekarriko dute alaitasuna eta poza guregana udan zehar. Aurten bost kontzertu izango ditugu Zarautzen, Izarok irekiko duena uztailaren 23an Lizardi kirol aretoan. Mallabitarraren ondoren, ostiralero ospatuko diren emanaldietan, Julen Alonsoren “Sutan dantzan” kontzertua, Belako, Seguridad Social eta En Tol Sarmiento bezalako goi mailako taldeak pasako dira areto honetatik.

“Musika eskaintza zabala izango dugu udako kontzertu kartel honekin eta goi mailako taldeak izango dira” adierazi du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak. “Une honetako osasun neurriak 300 pertsonako aforoa baldintzatzen dute, baina pandemiaren eboluzioak neurrien arintzea ekarriko balu, prest gaude ekitaldiaren antolakuntza aldatzeko”.

Hauez gain, Zarauzko Udako XXXIII. Musikaldia ere ospatuko da, Santa Maria la Real Parrokian egingo diren musika klasikoko lau kontzerturekin, eta baita Adarretatik musika jaialdiaren IV. edizioa ere, uztailaren 16tik 18ra. Herriko plazetara ere iritsiko dira kontzertuak, Los Txamukos taldea izango da abuztuaren 14ean Musika Plazan eta igandean, abuztuak 15, Egan taldeak bere 50. urteurrenaren kontzertuarekin izango dugu Lege Zaharren Enparantzan.

Ingurumenak ere izango du bere tartea Zarauzko udaldian. Gure herriko gune berdeak ezagutaraztera emateko intentzioarekin, aurten ere, ostiralero Zingira basoa eta Iñurritzako biotopoa ezagutzeko bisita gidatuak antolatuko ditu Ingurumen departamentuak. Honez gain, abuztuaren 20ean, Lege Zaharren enparantzan, Nekazaritza Ekologikoaren Zarautzko XXV. Azoka izango dugu, Biolur elkarteak antolatuta.

Hurrengo egunetan ekitaldi gehiago gehituko dira udako egitarau honetara. Zarauzko Udalaren web orrian (www.zarautz.eus) egitarau osoaren informazioa aurki daiteke.