Urkulluk Jokoetara joango diren euskal kirolarien ordezkaritza bati harrera egin dio Basque Team Zentroan

0
PRUEBA

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin, Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariarekin, Olatz Legarza Basque Team fundazioaren koordinatzailearekin, Andoni Aldekoa fundazioko lehendakariorde eta EiTBko zuzendari nagusiarekin, Amaia Agirre Getxoko alkatearekin eta Quiron Salud, Athletic Club eta Eibar SD babesleekin batera, Tokioko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan arituko diren kirolarien ordezkaritza bat agurtu du gaur Faduran, Getxon.

Covid-19ak sortutako pandemiaren ondorioz mundu mailako kirol-hitzordu nagusienak urte bateko atzerapena izan eta gero, Lehendakariak babesa eman nahi izan die Japoniako hiriburura joango diren kirolariei. Jokoen aurretik kirolarien osasuna babesteko sortutako burbuilek eta Euskaditik kanpo egin beharreko prestaketa eta kontzentrazioek eragin dute Lehendakariaren harrera murritzagoa izatea aurten. Getxon bildu dira gaur Maialen Chourraut piraguismoko egungo txapeldun olinpikoa, Elena Loyo maratoilaria, Higinio Rivero parakanoista, Iñigo Llopis igerilari paralinpikoa, Clara Azurmendi badminton jokalaria, Rakel Mateo paratriatleta, Odei Jainaga xabalina jaurtitzailea, Teresa Errandonea hesi-lasterkaria, Agurtzane Egiluz gurpil-aulkiko saskibaloi jokalaria eta Jorge Pineda arraunlari paralinpikoa

Topaketan, Lehendakariak bere babesa eta konfiantza helarazi nahi izan die Jokoetan parte hartuko duten kirolariei. Iñigo Urkulluren ustez, erreferente eta eredu dira gizartearentzat, batez ere gazteentzat. «Goi mailako kirolean aritzea erabaki duzue, kasu askotan zuen ikasketekin eta lanarekin uztartuz; sakrifizio, dedikazio eta konpromiso eredu zarete», gaineratu du. Basque Teamen lana ere azpimarratu nahi izan du, kirolariei lehiaketa gorenetan parte hartzea errazteko baliabideak emateko propio sortutako fundazioa: «Gure kirolarien errendimendua gero eta handiagoa da eta gure parte-hartzeak hobera egin du kalitate eta emaitzei dagokienez. Gainera, emakumeen parte-hartzea gero eta handiagoa da eta bikaintasuna Joko paralinpikoetan ere nabarmena”.

Ondoren, Lehendakariak, Basque Team Zentroko instalazioak bisitatu ditu (gimnasioa, kantxa, biomedikuntzako laborategia…). Bertan, Basque Teameko bekadunen eta goi-mailako euskal kirola, eta bereziki udako eta neguko kirol olinpikoa eta paralinpikoa, bultzatzen duen sistemako profesionalen azalpen guztiak jaso ditu.

Olinpiar Jokoak uztailaren 23tik abuztuaren 8ra jokatuko dira; Paralinpikoak, berriz, abuztuaren 24tik irailaren 5era. Oraingoz, 13 euskal kirolarik dute plaza, baina oraindik 30 baino gehiagok dute txartela lortzeko aukera. Banakako hainbat kiroletan, oraindik epea irekita dago gutxieneko markak lortzeko edo munduko zerrendetan eragiten duten puntuak lortzeko. Bestalde, zenbait talde-kirolek -eskubaloiak, saskibaloiak, edo gurpil-aulkiko saskibaloiak, esaterako- eta banakako beste batzuek – txirrindularitzak, esaterako- laster iragarriko dituzte federazioek hautatutako jokalarien zerrendak.