Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren arteko “CHEAT-STAY” izeneko operazioan Internet bidez iruzur egiten aritzen zen nazioarteko talde kriminal bat desegin dute, eta guztira 10 pertsona atxilotu dituzte (5 Madrilen, 2 Gipuzkoan, 2 Malagan eta 1 Sevillan), eta beste 20 pertsona ikertu dituzte. Gainera, 5 etxebizitza ere miatu dituzte, eta inplikatuei iruzur larriagotuaren delituak, talde kriminaleko kide izatea, dirua zuritzea, identitatea usurpatzea eta dokumentuak faltsutzea leporatu dizkiete.
Ikerketari 2018an eman zitzaion hasiera, turismo-alokairuetan iruzurrak hauteman ondoren. Guztiek ezaugarri komun bat zuten: iruzurrez eskainitako etxebizitza guztiak Cadizeko kostaldeko herrietan zeuden. Guardia Zibilak eta Ertzaintzak gertakariekin erlazionatutako hainbat eta hainbat salaketa jaso zituzten, eta une horretan ekin zioten bi kidegoek ikerketa bateratuari.
Iruzurra egiteko iragarkiak sartzen zituzten delitugileek helburu horrekin sortutako hainbat web-orritan, eta, enpresa faltsuen bidez, turismo-ostatuetako gezurrezko alokairuak eskaintzen zituzten. Modalitate horrez gainera, talde kriminaleko kideek ondasun higiezinen erosketarekin eta hirugarrenen kreditu-txarteletan iruzurrezko karguak egitearekin zerikusia zuten beste hainbat iruzur ere egin zituzten.
Iruzurren atzean hacker aktiboenetako bat
Egindako ikerketari esker jakin ahal izan zuten iruzurrak ez zirela jarduera isolatuak, elkarrekin zerikusirik ez zuten pertsonek egindakoak, baizik eta ongi hierarkizatutako nazioarteko talde kriminal batek antolatuak. Horrez gainera, jakin zuren taldearen burua, Europako agintari judizial eta polizialen ustez, une horretan zegoen hackerrik aktiboenetako bat zela.
Ikerketaren bidez argitu zen taldeak 4 milioi eurotik gorako irabaziak lortu zituela egindako jardueren ondorioz, eta 300 bat pertsonari egin ziela iruzur etxebizitzen iruzurrezko alokairuen eta oporretako paketeen, kreditu-txartelen klonazioaren edo hotel guneen salerosketa-operazioetan esku hartzearen bidez.
Delitu-jardueraren bidez sortutako kapitala mugitzeko, taldeak iragarkiak sartzen zituen Interneteko hainbat ataritan lana eskainiz, eta euren zaurgarritasun-egoeragatik hautatuko pertsonek “diru-mando” lanak egin behar izaten zituzten. Horrela, biktimek dirua sartzeko erabiltzen zituzten banketxeetako kontuen titular gisa jartzen zituzten pertsona horiek, eta sartutako dirua berehala mugitzen zuten finantza-zirkuitu ilunetatik taldearen goiko mailetaraino.
Operazioa Ertzaintzako Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak eta Jerez de la Fronterako Guardia Zibileko Ikerketa Atalak egin dute Guardia Zibileko Polizia Judizialeko Unitate Teknikoko Nazioarteko Lankidetzarako Sailarekin elkarlanean, nazioarteko jarduerak integratzeko eta Interpolen laguntza izateko helburuarekin. Operazioa Sanlúcar de Barramedako (Cadiz) 1. Epaitegi Mistoak zuzendu du.