Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto, 2025 Merkaritza Plan Estrategikoaren aurkezpenaren buru izan da. Plan hori Udalak datozen lau urteetan sektorearen lehiakortasuna hobetzeko egin duen apustu irmo eta seguru bat da, «denbora-tarte horretan beharrezkoa izango da sektorearen egitura eraldatzeko eta Covid-19ak eragindako krisiaren ostean saltokia berreskuratzeko erronka handiei heltzea».
Dokumentuaren edukia Xabier Ochandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak azaldu du, eta ekitaldi horretan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak, Cecobik eta Merkataritza Ganberak hartu dute parte, dokumentuaren elaborazioan parte hartu duten kolektiboekin batera: merkataritza-sektorea bera, elkarte-ehuna, Udaleko zenbait arlo zein Udalean ordezkaritza duten talde politikoak.
Alkateak azaldu duen bezala, «lan serio, zorrotz eta parte-hartzailea da, eta sektorearen eskutik joan izan gara beti. Hala, merkataritzaren egiturazko eraldaketa sakonean parte hartu dugu hiri osoan eta auzoetan, bai eta premiazko eta berehalakoan ere, zuzeneko laguntzen edo bono-kanpainen bidez, Covid-19k eragindako osasun-krisiaren ondorioei aurre egiteko». «Plan hori —jarraitu du— dokumentu irekia da, eta trazatu ditugun jarduketa-ildo guztiekin osatu beharko dugu. Orain, beste urrats bat egin da, gaur bertan, Bilboko Merkataritza Foroaren eraketaren bidez».
Juan Mari Aburtok aurreratu duenez, aldi berean eta planaren osagarri gisa, lan sakona egin da hiriko merkataritza-sektorearen DIAGNOSTIKO zehatza egiteko, «saltoki bakoitzeko informazioa biltzen duena, gure talde teknikoek ia 3.000 merkatariri egin dizkieten banakako elkarrizketei esker. Diagnostiko horrek saltoki bakoitzarentzako zuzendutako zerbitzuak hobeto garatzea ahalbidetuko digu».