Eusko Jaurlaritzak Euskal Enplegu Publikoaren eredu propioa finkatuko duen lege-proiektua onartu du

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarekin, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Euskal Enplegu Publikoaren Lege Proiektua aurkeztu du, Euskal enplegu publikoa, oro har, antolatzea, araubide juridikoa definitzea eta kudeatzeko tresnak arautzea helburu duen araua. Garamendik azaldu duenez, langile publikoren ibilbide profesionalaren aspektu guztiak arautuko ditu: lan eskaintza publiko batera aurkezten direnetik, erretiroa hartu arte. “Enplegu publikoaren arloan, euskal eredua oinarritzen du, beraz, lege honek”, gaineratu du. Horrela, Olatz Garamendi sailburuak azpimarratu du oinak lurrean dituen Administrazio bat nahi dutela, hurbilekoa, eskura duen giza talentu handia ahalik eta gehien aprobetxatuko duena; eta etorkizunera begira dagoena, etengabeko modernizaziora; betiere, zerbitzuaren bikaintasuna eta guztion ongia helburu.

Bestalde, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren gaiei dagokienez, Garamendik jakitera eman du Gobernu Kontseiluak lau dekretu onartu dituela, eta horien bidez, azkenik, Euskadira egindako azken transferentziak formalizatu direla.

HEZKUNTZA

Bere aldetik, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak 2022-2025 aldian Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroei (BERC deiturikoei) dirulaguntzak emateko oinarriak arautzen dituen Aginduari argi berdea eman diola. Horrela, Hezkuntza Sailak 50,4 milioi euro bideratzen ditu laguntza horietarako, aurreko lau urteko deialdian baino 8,4 milioi euro gehiago (2018-2021 aldia izan zen aurrekoa), deialdi honen diru-kopurua %20 hazi delarik. Hezkuntza sailburuak azaldu duenez diru-laguntza hauen bidez lehen mailako ikerketa zientifikoa sustatu nahi da, Euskadin ikerketa zientifiko eta teknologikoaren kalitatea areagotzeko, batetik, eta estrategikotzat jotzen diren espezializazio zientifikoko arloetan nazioartean ezagutza lortu duten ikertzaileak erakartzeko asmoz, bestetik.

Halaber, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du 2021-2022 ikasturtean ikertzaile doktoreen doktoretza-ondoko hobekuntza-programarako laguntzak deitzen dituen agindua. Deialdi honek 2,8 milioi euroko zenbatekoa dauka. Bildarratz sailburuak azaldu duenez, Programa honek doktoretza-ondoko lehen fasean dauden ikertzaileen hobekuntzarako bide bat eskaintzen du, gehienez ere hiru urteko iraupena izan dezakeena. “Datorren ikasturtean 64 ikertzailetik 72ra pasako gara”, argitu du.

Gainera, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du itunpeko ikastetxeek 2021-2022 ikasturtean STEAM hezkuntzako berrikuntza-proiektuak gara ditzaten dirulaguntzak ematen dituen Agindua. 343.000 euroko diru kopurua duen deialdi honen helburua da, Euskadin Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Batxilergoa ematen duten itunpeko ikastetxe pribatuetan 2021-2022 ikasturtean STEAM hezkuntzako berrikuntza-proiektuak garatzea (Science, Technology, Engineering, Art & Mathematics).

GOBERNU KONTSEILUAREN BESTE AKORDIOAK

Bingen Zupiria Gobernuko bozeramaileak Bizi Berri IV Planaren onarpenaren berri eman du. Planak erreferentzia-panel bat du, erabakiak hartzeko orientabidea emango duena. Lehendakariak LABIren Aholku Batzordeari aurkeztuko dizkio bi dokumentu horiek, biharko bileran.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak Dekretu bat onetsi duela gaur, Euskadiko Gizarte Trantsizioko eta 2030 Agendako Eragile Anitzeko Foroa sortu eta arautzen duena. Zupiriak azaldu duenez, Foroa lankidetzarako eta aholkularitzarako organo bat izango da, Euskadiko politika publikoetan 2030 Agendaren harmonizazioan eta garapenean laguntzeko.

Bestalde, Gaurko Gobernu kontseiluak ontzat eman du Ekonomia eta Ogasun Sailak antolatzen duen hamargarren argazki-lehiaketa: “Non ikusten duzu Europa Euskadin?”. Hamalau eta hogeitabost urte bitarteko gazateek parte hartu ahal izango dute irailaren 8tik urriaren 8ra arte euskadi.eus plataformara euren argazkiak igota.

Osasun sailari dagokionez, Gobernu Kontseiluak 2,7 milioi euroko dirulaguntza izendatu du Matia Fundazioarentzat prestazio eta arreta farmazeutikorako, bi aldeen artean ezarritako lankidetza-hitzarmenaren esparruan.

Eta, azkenik, Gobernu Kontseiluak 2 miloi euroko diru partida onartu du gaur Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren 2021eko LANHITZ deialdirako. Zupiria sailburuak azaldu duenez, sektore pribatuan dauden lantokietan euskararen erabilera eta presentzia areagotzea du helburu deialdi honek, euskara planak sustatu eta euskara lan-hizkuntza moduan garatzea ahalbidetuz.

OSASUNA

Bere aldetik, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuen  berri eman du. Halaber, txertaketa-prozesuaren berri eman du, baita populazioaren baheketaren berri ere, ikasturte amaierako bidaien ondoriozko kutsatzeen transmisioa lehenbailehen geldiarazteko.