Eusko Jaurlaritzaren Elkarlan eta Open Data sariak osasun, kohesio soziala eta administrazio publikoko proiektuek irabazi dituzte

0

Eusko Jaurlaritzak Elkarlan eta Open Data sariak banatu ditu gaur, 2020. urteari dagozkionak, eta ehun proiektu eta ideia berritzaile inguru aurkeztu dira, gehienak osasunari, gizarte-kohesioari, ingurumenari, kulturari, garapen ekonomikoari edo zerbitzuei lotutakoak. Sari banaketa Bilboko Artxibo Historikoan egin da, ekitaldi misto batean, presentziala eta telematikoa aldi berean. Bilbon bertan izan dira saritu ia guztiak eta baita Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko arduradunak ere, Jone Berriozabal Erakunde Harremanetarako sailburuordearekin, Javier Bikandi Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendariarekin eta Miren Martiarena Gobernu Irekiako zuzendariarekin batera. Saileko arduradunek eta herritarrek osatutako epaimahaiak baloratu eta puntuatu ditu proiektuak. Elkarlan lehiaketako proiektuen kasuan, herritarrek parte-hartze handia izan dute, 7.500 pertsonak baino gehiagok eman baitute botoa on-line.

Elkarlan sarietara aurkeztutako hogeita hamar proiekturen artean, lau saritu ditu epaimahaiak. Horietako bat Bizkaiko Parkinson Elkarteak (Asparbi) garatu du, eta Whatsappen talde bat sortzean datza, Parkinsonen eraginpean dauden familien kolektiboari errehabilitazio-terapiari jarraipena emateko, musikoterapia eta ahozko on-line terapiaren bidez. Proiektu hori 2020ko martxoan sortu zen, pandemiagatik biztanleria konfinatzeko agindua eman ondoren, eta egoera horren aurrean Asparbik aurrez aurreko zerbitzuak eten eta alternatibak bilatzeari ekin zion.

Ai Laket Euskadi elkarteari ere Elkarlan saria eman diote, drogen informazio eta azterketarako gune finkoaren proiektuagatik; jai eta aisialdi giroan drogen eta droga horien kontsumoaren inguruko edozein kontsulta egin nahi duenarentzat erreferentziazko lekua da. Saritutako beste ekimen bat Zubietxe elkarteak garatu duena izan da, Bilboko Alde Zaharraren eta Abusuren inguruan baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonentzat. Liburudenda sozial bat da, eta, hainbat urtez martxan egon ondoren, komunitate-eragile bihurtu da, inguruarekin eta bizilagunekin aliantzak sortzen dituena.

Azkenik, Elkarlan Sariek Harrera egiteko Herritarren Sarearen ekimena nabarmendu dute; izan ere, 2018. urteaz geroztik, migratzaileak eta errefuxiatuak hartzen lan egiten du talde honek, bereziki gazteak. Sarea boluntarioek osatzen dute, gehienak Donostiakoak, eta gizarte kohesionatu baten bila lan egiten du, betiere gizarte zibilaren inplikazio aktiboarekin.

Elkarlan sariek balio publikoa sortzeko proiektu berritzaileak aitortzen dituzte, herritarrek edo taldeek aurkeztutakoak osasunaren, ingurumenaren, garapen ekonomikoaren, kulturaren, gizarte-kohesioaren, gobernantzaren eta erabaki publikoetan parte hartzearen arloetan beharrizan eta erronka sozialak sustatu edota bideratu asmoz. Bestalde, Open Data lehiaketak euskal erakundeek herritarrei informazioa emateko eta erabiltzeko eskaintzen dizkieten datu irekiak berrerabiltzea bultzatzen du.

Datu irekietan oinarritutako aplikazioen atalean, Manuel Jose Garciak garatutako proiektuak irabazi du, lizitazioak formalizatzeko administrazio publikoak eta enpresak konexioan jartzen dituen aplikazio batek. Bigarren saria Unai Anterok eta Beatriz Arenalek egindako Avatar Parking mugikorrerako aplikazioarentzat izan da. Aplikazio hori Donostian gertuen dagoen autoen aparkalekua aurkitzeko laguntzaile gisa pentsatuta dago. Ideien atalean, Open Data lehen saria Ortzi Torices eta Hodei Goncalvesentzat izan da, airean dagoen polen mailak iragartzeko sare neuronal artifizialetan oinarritutako eredu fisiko-matematiko bat sortzeko proposamenarekin. Hurrengo urratsa izango litzateke informazio hori osasun profesionalei eta alergia arriskuan dauden herritarrei banatzea, polen maila aurreratu eta eskainitako zerbitzua hobetu ahal izateko. Ideien atalean, bigarren saria Iker Diezek eta Alberto Nietok jaso dute, bere web aplikazioagatik eta mugikorragatik; izan ere, Euskadiko erabiltzaile-turistari espazio geografiko mugatu batean turista bakoitzak nahi dituen planak eta jarduerak proposatzen dizkio.