Euskadiko emakume arkitektoek bizi duten ikusezintasuna eta haien zailtasunak agerian utzi du Emakundek lagundutako ikerketa batek

0

Emakunde/Emakumearen Euskal Erakundeak «Arquitectura (in) VISIBLES en Euskadi. La problemática que esconde esta invisibilización » ikerketa lagundu du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa-lanei emandako beka deialdiaren barruan. Verónica Benedet arkitektoak egindako lanak erakusten du Euskadiko emakume arkitektoek maila desberdinetako desberdintasunak jasaten dituztela arkitekturaren ia esparru guztietan, bai irakaskuntza- eta ikerketa-espazioetan, bai lanbidearen jardun askean, lidergo-postuetan eta, batez ere, beren ekarpenen aitorpen sozialean.

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak adierazi duenez, «Emakume arkitektoak ikusgai jartzeak ez du soilik balio beren lana aitortzeko, neska gazteek esparru horretan erreferente ikusgarriak izatea ere badakar, eta emakume arkitektoek beren garapen profesionalean dituzten egiturazko zailtasunak mahai gainean jartzea ere badakar». Adierazi duenez, «soldata-arrakala, kristalezko sabaiak, lana eta familia bateragarri egitea, emakume arkitektoei zuzenean eragiten dieten arazoak dira, eta, kasu askotan, beren jarduera gizonekin berdintasunean garatzea eragozten die». Horretarako, bere hitzetan, «arkitekturan genero-ikuspegia txertatu behar da».

Veronica Benedet ikerketaren egileak adierazi duenez, «Gaur egun, lanbide honetan gizonezkoen lehia-eredua gailentzen ari da, boterea eta autoritatea gehiegi balioesten baitira. Eskema horretan, emakume arkitektoak, gizonezkoen kualifikazio bera edo handiagoa izan arren, lanbidean hain baloratuak ez diren esparruetan bukatzen dute azkenean». Pairatzen dituzten desberdintasunen artean, honako hauek aipatu ditu: «Gizartearen aitorpen eza, gizon arkitektoek egiten duten gauza bera lortzeko egin behar duten ahalegin bikoitza, sexismoa eta mikromatxismoak, eremu jakin batzuetan parte hartzeko zailtasunak, soldata-arrakala eta lan-prekarietatea, kontziliazioa eta amatasuna zigor gisa, eta abar». Azterketa egiteko egindako elkarrizketek erakusten dutenez, gaur egun ere egoera horiek nahiko ohikoak dira lanbidean. Elkarrizketatutako arkitektoen bizi-esperientziek agerian utzi dute, halaber, lanbidearen zenbait esparrutan baztertuta daudela, emakume izateagatik.

Nabarmendu duen bezala, Euskadiko arkitektura aitortuaren zatirik handiena gizonezkoek egin dute, eta ez dago erreferente femeninorik edo gutxi dira; horrek ez du esan nahi emakumeek diseinuan eta arkitekturan subjektu aktibo gisa parte hartu ez dutenik. «Emakume arkitektoak asko daude eta asko dira, baina, tamalez, haien ekarpenak ikusezinak, isilduak, ezkutatuak, baztertuak edo zigortuak izan dira kultura patriarkal honen ondorioz», adierazi du.

Azaldu duen bezala, 1990eko hamarkadaren amaieratik, EAEko arkitektura ikasketean emakume ikasleen gorakada masiboa ikusi da, azken hamarkadetako ikasleen ehunekoa gaindituz. Hala ere, ikasgeletako feminizazioa ez da hurrengo instantzietan islatzen.