URAk ibaiertz higatu bat zaharberritu du Jugalez ibaiaren eskuinaldean

0

Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, Arabako Pagoeta parean,  Jugalez (Inglares) ibaiaren eskuineko ertzeko ibaiertzeko tarte bat zaharberritu du, Urizaharrako udalerrian. Izan ere, tarte horrek higadura handia jasan zuen, eta  korronteak oinarria babes gabe utzi zuen. Horren ondorioz, tamaina handiko hainbat zuhaitz erori ziren, eta horiek, aldi berean, lurzoru ugari eraman zuten haiekin. Hortaz,  ibaiertza ezegonkor  eta tokiko landarediarik barik geratu zen.

Higatutako ibaiertza finkatze aldera, bioingeniaritzako teknika bat aukeratu da: zurezko enborrez, lurrez, adar-sortez eta landare biziz betetako egitura bat osatu da. Xedea da, etorkizunean, lursailari berezko egonkortasuna emateko, landarediaren garapenak enborren egitura ordezkatzea.

Era horretan, ibaiertzeko landarediak higatutako tartea berriro estaltzea sustatzen da, eta inguruneari onura ugari ematea. Besteak beste, ibilgua itzaltzea; espezieentzako korridore gisa jardutea eta habitatak konektatzea; edota ur-goraldien emarien indarra baretzea.

Egitura hori zurezko piloteen pantaila baten gainean oinarritu da, ibaiaren ohantzean bertan finkatuta, eta ibaiertzeraino sortutako hutsunea harriz bete da, egitura egonkortzeko. Teknika horiek aukera ematen dute ibaiertz oso bertikalak birlandatzeko; izan ere, horietan, landareztatzea konplexuagoa da ibaiertzeko beste tarte batzuetan baino.

Jarduera Payueta/Pagoetako Administrazio Batzarrak eskatuta egin da.