Espainiako Gobernuan egindako birmoldaketak Estatutuaren garapenean eta Europako funtsen kudeaketan aurrera egiteko balio izatea espero du Eusko Jaurlaritzak

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

Bingen Zupiriaren bozeramaileak, Espainiako Gobernuaren birmoldaketari dagokionez, adierazi du Eusko Jaurlaritzaren nahia dela aldaketek erakundeen arteko harremanetan sakontzeko eta dagoeneko lantzen ari diren gaietan aurrera egiteko balio izatea, sinatutako akordioak betez. Ildo horretan, azpimarratu du Espainiako Gobernuaren etapa berri honetan bereziki garrantzitsua dela adostutako transferentziak gauzatzeko eta Gernikako Estatutua osorik betetzeko ezarritako egutegia negoziatzeko bidean aurrera egitea, bai eta, epe hurbilago batean, Euskadi Next Programari erantzuten dion Europako Funtsen kudeaketa eta zergak hitzartzeko bidean aurrera egitea ere, Ekonomia Itunaren hurrengo Batzorde bati begira.

HEZKUNTZA

Bere aldetik, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, 2021-2022 ikasturtean unibertsitatez kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko beka eta dirulaguntzak deitzen dituen Agindua onartu duela. Deialdiak 60 milioi euroko zenbatekoa du orotara, baina Hezkuntza sailburuak nabarmendu du baldintzak betetzen dituen familia orok laguntza jasoko duela. Gainera, Bildarratz sailburuak adierazi du, ikasturte honetan, iazkoan bezala, %5eko kenkari bat aurreikusten duela deialdiak, Covid-19k eragindako osasun-krisiaren ondorioz, egoera ekonomikoa larriki kaltetu zaien familientzat.

Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek azaldu du eskabideak aurkezteko epea aurreratu egin dela, agindua boletinean argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2021eko irailean 30ean bukatuko da; azaroaren hasieran eskaerak ebazten eta familiek dagokien laguntza ahalik eta lasterren jaso ahal izateko helburuarekin.

Era berean, Hezkuntza arloan, gaurko Gobernu Kontseiluak Gasteizko Salburua BHIko obren lizitazioa onartu du. 18,7 milioi euroko aurrekontua du, Euskadin hezkuntza-azpiegitura bat eraikitzeko egindako inbertsiorik handiena.

GOBERNU KONTSEILUAREN BESTE AKORDIOAK

Bingen Zupiria Gobernuko bozeramaileak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak oniritzia eman duela Euskadiko eta Gaztela eta Leongo 112 zentroen artean larrialdiak kudeatzeko eta babes zibilaren arloko koordinazio-protokolo berri bat izenpetzeko. Protokolo honek ordezkatuko du bi aldeek 2012an adostutakoa eta, besteak beste, bi autonomia-erkidegoko eremu mugakideetan 112ra (larrialdietako telefono bakarrera) egindako deiekin zerikusia duten lankidetza-mekanismoak indartuko ditu eta bien intereseko proiektuak eta programak garatzea sustatuko du.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak 110.000 euroko laguntza agindu bat onartu du gaur, alde batetik, Gizarte Ekonomiako enpresen kudeaketan eta organoetan langileen parte-hartzea erraztu eta hobetuko duten tresnen garapena eta ezarpena finantzatzeko.

Halaber, Nekazaritzaren sektoreko profesional eta enpresarien elkarte eta federazioetarako laguntzak onartu ditu Eusko Jaurlaritzak. Itzuli beharreko dirulaguntzatzat joko dira laguntzak, eta guztira 241.000 euro erabiliko dira horretarako. 

Gainera, gaur, asteartea, Gobernu Kontseiluak onartu du lankidetza-hitzarmen bat sinatzea Euskal Estatistika Erakundearen (EUSTAT) eta Estatistikako Institutu Nazionalaren (EIN) artean, Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza pribatuan, 2020-2021 ikasturtean, izandako  finantzazioari eta gastuei buruzko inkesta bat egiteko.

Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak gaur goizean onartu duela Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteari (EZAE) 400.000 euroko zuzeneko diru-laguntza ematea, «Zinemazale Berriak» programa abian jarri eta garatzeko. «Zinemazale Berriak» ekimenak haurrentzako euskarazko zinema eskainiko du 12 astez, igande goizetan, ikusleak zinema-aretoetara joatea sustatu, zine-aretoek espazio seguru gisa duten balioa indartuz eta, aldi berean, publiko berrien sorkuntza eta fidelizazioa bultzatzeko helburuarekin.

OSASUNA

Bere aldetik, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuen  berri eman du, eta azpimarratu du 14 urteko intzidentzia % 90 handiagoa dela 7 egun lehenago baino, eta gora egiten jarraitzen duela. Gainera, azken 7 egunetan erreprodukzio indizeari edo kasu bakoitzeko batez besteko kutsatze kopuruari dagokionez nolabaiteko murrizketa eman dela azaldu du. Kutsadurek osasun sisteman izan duten eraginari dagokionez, atzo 28 pertsonari eman zieten alta, 26 ospitaleratu ziren eta 23 pertsona daude COVID positiboarekin Osakidetzako Zainketa Intentsiboetako Unitateetan, atzo baino 5 gutxiago. «Eragina murriztu egin da, baina gertakari larriek gazteei ere eragiten diete», gaineratu du. Hala, ospitaleratutakoen artean, gaur 85, 14 urteko adingabe bat dago, 15 eta 18 urte arteko bat, 18 eta 30 urte arteko 6, 31 eta 40 urte arteko 10, eta 14 urteko adingabe bat ZIUn. Horregatik, egoera kezkagarria dela azpimarratu du.

Halaber, txertaketa-prozesuari dagokionez, gazteen erantzuna oso positiboa izan dela adierazi du. Gaur egun, 16 eta 29 urte bitarteko 126.678 pertsonak dute hitzordua uztaila eta abuztua bitartean txertoa jartzeko. «Gure helburua ahalik eta lasterren txertoa jartzea da, iristen diren txertoen arabera», adierazi du.

Osasun sailburuak zuhurtziaz jokatzeko deia egin du. «Txertoa eraginkorra da, oso eraginkorra, baina ez gaitezen gehiegi fidatu. Prebentzio neurriak mantentzen jarraitu behar dugu: eskuak, maskara, distantzia, espazio itxien aireztapena eta pilaketak saihestea «, azpimarratu du.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena