Bi igogailuek Zarauzko Vista Alegreko irisgarritasuna hobetuko dute

0
PRUEBA

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, gaur arratsaldean, Aldapetako bi hiri-igogailu berrien lehen bidaian parte hartzera gonbidatu dituzte Vista Alegre auzoko herritarrak; igogailuak gaur bertan jarriko dira herritarrentzat erabilgarri eta, haien bidez, auzoko irisgarritasuna hobetuko da, neurri handi batean.

Haietako lehenengoak sei metroko garaiera hartzen du, eta San Inazio kalea eta Aldapetako plaza lotzen ditu. Bigarrenaren bidez, plazatik Sarakatuako Dorrera dauden 25 metroak igoko dira.

Bi igogailu horien abiadura segundoko metro batekoa da; beraz, minutu erdian baino ez, Vista Alegre auzoko herritarrak San Inazio kaletik Sarakatuako Dorrera igo ahalko dira eta, hala, auzora iristeko ibilbidea murriztu, neurri handi batean. Edukiera dela eta, bi igogailuek 24 pertsona eraman ditzakete, gehienez, eta, pandemia garaian, 4 pertsona gehienez, bidaia bakoitzeko.

Zarauzko alkateak esan du Zarauzko goiko auzoetako sarbidea hobetzea hainbat urtez egin izan den eskaera izan dela, eta Udala urratsak ematen joan dela, orain arte, herritar horien beharrari ahalik eta ondoen erantzuteko.

“Duela sei urte, Azken Portu Goiko eta Aldapetako igogailu publikoak eraikitzeko konpromisoa hartu genuen. Duela bost, akordio batera iritsi ginen Visesarekin eta Santa Ana fundazioarekin, eta, hala, proiektu bideragarri bat zehaztu genuen Aldapetako urbanizaziorako. Duela hiru urte, Azken Portu Goiko igogailua egin genuen, eta, proiektuak idatzi eta obrak esleitu ondoren, Aldapetako obrak hasi ziren. Gaur, hiru urtez obretan jardun ondoren eta pandemian urte eta erdi igaro ondoren, hitza bete dugu Vista Alegreko herritarrekin. Nahi baino denbora gehiago behar izan dugu, baina garrantzitsuena da Aldapetako urbanizazio-obrak ongi amaitu direla eta, gainera, gorabehera nabarmenik gabe”, esan du Xabier Txurruka alkateak. “Mahai gainean zenbait proiektu ditugu, eta haiek abian jartzen joango gara, datozen urteotan, Vista Alegre auzoko irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko”.

Arriola sailburuak esan du berak zuzentzen duen Etxebizitza Sailaren xedeetako bat euskal herritarren bizi-kalitatea hobetzea dela. “Gure lana etxebizitzak eraikitzera bideratzen da, funtsean, baina, horretarako, kanpo-espazioak eta urbanizazioa antolatu eta hobetu behar dira, eta, askotan, hiri-igogailuak eraikitzeak auzo osoaren irisgarritasuna areagotzen du”.

Eta esan du elementu horiek integrazio eta konexio handiagoa dakartela hirietan, errazagoa baita mugikortasuna herritarren egunerokotasunean, oro har, baina, batik bat, zailtasun gehien duten pertsonenean: umeak, nagusiak eta aniztasun funtzionala dutenak. “Ziur nago igogailuak abian jartzea asko baloratuko dutela auzokide guztiek”, esan du.

Urbanizazio-obren kostua 2.120.314 eurokoa izan da, guztira. Jarduketa hori 2016an Zarauzko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren artean sinatutako hitzarmenaren bidez egin da; hura Jaurlaritzaren Visesa sozietate publikoaren bidez garatu da.