Pilar Llop Justizia ministro berriak Juan Carlos Campo aurreko justizia ministroaren eskutik jaso du Justizia ministerioaren kartera.
Hitzaldian, Justizia ministro berriak elkarrizketaren garrantzia azpimarratu du: “Espainiak pandemian zehar erakutsi du lurraldeen eta administrazio ezberdinen arteko elkarrizketa ezinbestekoa dela krisialditik ahalik eta azkarren eta kalterik txikienarekin atera ahal izateko”.
Ildo horretan, Juan Carlos Campo ministroak elkarrizketarako eta akordioak lortzeko izan duen gaitasuna azpimarratu du LLopek. Era berean, adierazi du garrantzitsua dela eskumenak transferituta dituzten autonomia-erkidegoekin hitz egitea, baita udalekin, administrazioekin, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin, zuzendaritza nagusiekin eta kolektibo profesionalekin ere.
Ministro berriak zerbitzu publikoarekiko duen bokazioa eta Justizia Administrazioarentzat erronkaz betetako aro berri honi aurre egiteko duen ilusioa azpimarratu ditu.
Genero indarkerian espezialista
Llop, aste honetara arte Senatuko presidente izan da; epailea eta politikaria da eta genero indarkerian eta Justizia Administrazioaren nazioarteko lankidetzan aditua.
Indarkeria matxistan aditua den magistratu gisa, Madrilgo 5 zenbakiko genero-indarkeriako epaitegian lan egin du. Horrez gain, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Kabinete teknikoan letradu gisa aritu da, eta besteak beste, hurrengo ardurak izan ditu: Etxeko eta Genero Indarkeriaren Behatokiaren zuzendaria, Berdintasun Batzordeko idazkaria, Justizia eta Ezintasuna Foroaren idazkaria eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Zuzendaritza Batzordeko kidea.
2015ean karrera judiziala utzi zuen eta talde sozialistako diputatua izan zen Madrilen, 2018ra arte. Bertan, PSOEren bozeramaile izan zen honako batzordeetan: Autonomia Estatutua, Araudia eta Diputatuaren Estatutua eta Justiziako batzordea. 2018ko uztailean Genero Indarkeriaren aurkako Gobernuaren ordezkari izendatu zuten, eta 2019an senatari, Madril ordezkatuz.