Kriomikroskopio elektronikoaren proiektuari bultzada berria

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzak maila goreneko azpiegitura zientifikoak bultzatzeko apustuarekin jarraitzen du. Duela hilabete batzuetatik, Hezkuntza Saila eta Lehendakaritza – Berrikuntza-funtsaren bidez – Tresna berri bat instalatzen ari dira, hainbat zientzia-eremutan jauzi kualitatibo garrantzitsua egiteko.

Zehazki, Biofisika Bizkaiak, Bikaintasuneko Oinarrizko Ikerketa Zentroak (BERC), kriomikroskopio elektronikoa hartuko du (CrioME), 2021 amaitu baino lehen martxan jarriko dena. Hori abian jartzeak bultzada handiagoa emango dio neurobiozientziaren garapenari Euskadin, IKUR 2030 Estrategian ezarritako helburuekin bat etorriz.

Orain, Eusko Jaurlaritzak laguntza berri bat ematea onartu du, azpiegitura horri osagai berri bat emateko: presio handiko Beraztatzailea eta datu-azpiegitura. Horri esker, ale beiraztatuak eta datuak prozesatu eta biltegiratzeko informatika- eta konputazio-sistemak prestatu ahal izango dira.

Basque Resource for Electron Microscopy (BREM) plataforma

Hezkuntza Sailaren azpiegitura zientifikoak sortzeko programatik bultzatutako BREM plataformak azken belaunaldiko CrioMEko teknologia disruptiboa sartuko du. Plataforma, eremu horretan ikertzen duten ikerketa-taldeentzat egongo da eskuragarri, beti ere talde hauek beste BERC, IKZ, unibertsitate, osasun-ikerketako zentro, teknologia eta berrikuntza-zentro eta sektoreko enpresenak badira. Teknologia berri hori sartzeak eragin eraldatzailea izango du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES), eta gure garapen teknologikoa bultzatuko du biozientzietan eta biomedikuntzan, RIS3 Euskadi 2030 estrategiaren barruan.

Berrikuntza bizkortzea bioteknologian

Euskadin, dagoeneko, osasunari aplikatutako bioteknologiako 75 enpresa baino gehiago eta ikerkuntzan diharduten hogei bat erakunde daude. Bioteknologiaren sektoreak 2.000 langile baino gehiago ditu eta urtean 390 milioi euro inguru fakturatzen ditu. Euskal ekonomian gero eta garrantzi handiagoa duenez, sektore hori Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko eremuetako bat da RIS3 Euskadi 2030 estrategian. BREMek eragin eraldatzailea izango du ZTBESn, eta gure garapena bultzatuko du biozientzietan, biomedikuntzan eta osasunari aplikatutako bioteknologian, estrategia horren barruan, negozio-aukera berriak sortuz eta sektore pribatuaren inbertsioen atzematea katalizatuz.

Biofisika Bizkaia

FBB – Biofisika Bizkaia Fundazioa BERC bikaintasuneko ikerketa-zentroa da, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak 2007an sortua, biomembranen biofisika molekular eta zelularraren arloan bikaintasuneko ikerketa sustatzeko helburuarekin. Biofisika Bizkaia Fundazioaren xedea da bioteknologia eta osasun arloetan aplikagarri den diziplina anitzeko programa bat sustatzea, biofisikaren esparruan, bai maila molekularrean bai zelularrean, abangoardiako eta bikaintasun traslazionaleko ikerketarako.

Zentroaren helburua da zubi-lana egitea biofisikako oinarrizko ikerketaren interesa gure gizarteko produkzio- eta zerbitzu-sektoreetara hurbiltzeko. Sortu zenetik, zentroak maila altua mantendu du mintz biofisikoei buruzko oinarrizko ikerketaren arloan, eta gaur egun beste eremu batzuetara zabaltzen ari da, hala nola zelulen eta sistemen biofisikara.

Gaur egun, Biofisika Bizkaia Fundazioak Ikerbasqueko, UPV/EHUko eta CSICeko ehun zientzialari baino gehiago ditu, eta nazioartean ospe handia eta egonkorra du. Bere lana, zehazki, honako hauek identifikatzea da: zelulen metabolismoaren azpian dauden mekanismo fisikoak eta kimikoak, zelulen arteko komunikazioa eta birusen inbasio zelularra, garuneko ikaskuntza eta memoria, eta ehunen birmoldaketaren kontrola animalien eta gizakien garapenean. Ezagutza horri esker, zentroak estrategia terapeutiko berriak iker ditzake, hala nola GIBaren aurkako txertoak eta, oraintsuago, SARS-CoV-2 txertoak, edo garuneko nahasmenduen (epilepsia, adibidez) eta gaixotasun neurodegeneratiboen aurkako farmakoak