URAk tamaina handiko 12 eukalipto kendu ditu Kurtzio errekatik

0
PRUEBA

Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, tamaina handiko 12 eukalipto (Eucalyptus globulus) kendu ditu Bermeoko Kurtzio errekaren ibaiertzetatik. Jarduera hori ibilguak zaharberritzeko lanen barruan sartzen da, beren beregi,  tokiko ibaiertz-landaredia berreskuratzekoak. Lan horiek Bermeoko Udalak eta Uraren Euskal Agentziak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan egin dira.

Horiek ipurditik moztu egin dira, adaburutik beheranzko inausketa kontrolatuaren bidez, plataforma jasotzaile batetik. Kurtzio ibaiaren ertzetan sortu ziren aleak dira, ez gertuko baso-ustiategi batekoak. Datozen urteetan, eukaliptoen motzondoak tratatuko dira, ez daitezen berriz ernetu, eta errekaren ezkerraldean ibaiertzeko espezieekin birlandatuko da. Motzondoen jarraipen hori gutxienez 3 urtez egingo da. Jarduketaren zenbatekoa 18.025,16 €-koa izan da ( % 21eko BEZa sartu gabe).

Artike ibaian

Era berean, Artike ibaian, zeharkako oztopoak (presak, esaterako) kentzea eta egungo harri-lubeten inguruan lerradura txikiak ikusten diren zenbait puntutan ibaiertza berreskuratzea aztertzen ari dira. Artikeren izaerak lerradura horiek agertzea errazten du: malda handia eta higadura eta solidoen garraiorako gaitasun handia baitu.

Bestalde, alde batetik, Artike ibaiaren ibaiertzetatik askatutako tamaina handiko beste 10 zuhaitz kendu dira arroan zehar, sekzio hidraulikoaren murrizketa nabarmena eragin baitzezaketen: alegia, ibilguan eroritako zuhaitzek ibilguan errazten zuten sedimentu pilaketagatik. Lan horiek egiten jarraituko dute: oraingoan, ibaiertz naturalak eta lekuz aldatutako harri-lubetak berrezartzeko. Izan ere, zuhaitzak erori eta lurra bota ondoren, zuloak sortu ziren.

Beste alde batetik, azterketa hidrauliko bat egingo da, ibaia leheneratzeko neurri gehigarriak zehazteko: luzetarako konektibitatea hobetzeko, eta Artike ibaiaren ertzen egonkortasuna sustatzeko, Artikek Frantsuene aldean duen goiko zatia barne.

Berdentza erreka

Berdentza errekan, San Andres presatik ibaian behera, luizi batek ekarritako materiala kenduko da, sekzio hidraulikoa gutxitu baita, ibaian behera dagoen Urdaetxe baserria arriskuan jarriz. Ibilgutik erauzi beharreko materiala ondoko zelaian zabalduko da, ibaiertzeko jabearen laguntzari esker.

Jarduera guztiak Bermeoko Udalak eta URAk udalerrian ibilguak mantentzeko eta lehengoratzeko ekintzak gauzatzeko sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan gauzatzen ari dira.

Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) finantziazioa jaso du.