Alokairurako babes ofizialeko 46 etxebizitza eta sei zuzkidura-bizitoki eraikiko ditu Orion Etxebizitza Sailak

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzak eraikuntza garrantzitsua egingo du Orion, udalerri horretan datozen urteotan Jaurlaritzaren beraren alokairurako etxebizitzen parke publikoa izateko. Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, gaur, bi proiektu aurkeztu ditu, errentamentu babestuko erregimeneko etxebizitza eta zuzkidura-bizitokietara jotzeko bide emateko; guztira, 52 etxe berriren bidez erantzun nahi zaio Gipuzkoako udalerriaren eskariari. Horretarako, sei milioi euroko inbertsioa egingo da, guztira. Alokairuko 46 etxebizitza eta sei zuzkidura-bizitoki dira, eta  Eusko Jaurlaritzak udalerri honetan eraikitzen dituen lehenengoak izango dira.

Visesak Munton eraikiko duen alokairu babestuko etxebizitzen eraikinak 46 etxebizitza izango ditu, guztira, atari bat izango duen L formadun bloke bakarrean. Lau garaiera, beheko solairua –bertan udalerriko udalari emango zaion lokal bat egongo da– eta sotoa izango ditu; sotoan, aparkaleku-plaza bat egongo da etxebizitza bakoitzeko. Pisuak direla eta, 38 bi logelakoak izango dira, eta beste sei hirukoak; halaber, mugikortasun urriko pertsonentzako bi logelako bi etxebizitza egokitu izango dira. Etxebizitza bakoitzak terraza eta kalifikazio energetiko maximoa (A) izango ditu. Berokuntzaren eta etxeko ur beroaren sistema erabat elektrikoa izango da, emisiorik gabea, eta iturri berriztagarriaren laguntza izango du; horretarako, estalkian, eguzki-panel fotovoltaikoak jarriko dira.

Visesak aurreikusitako inbertsioa 5,5 milioi eurokoa da, eraikin horretarako. Obra 2023aren erdialdean hasiko da, eta, dena aurreikusi bezala badoa, etxebizitzak 2026aren erdialdean entregatzea aurreikusten da; etxebizitzak Alokabidek kudeatuko ditu. Etxebizitza horien hartzaileak urtean 9.000 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak dira.

Bestalde, Etxebizitza Sailak Anibarko Portuan Visesak jabeei 2001ean eman zizkien etxebizitza sozialen eraikineko beheko solairuan sei zuzkidura-bizitoki eraikitzeko obra-lizitazioa argitaratu berri du. Logela bateko apartamentuak dira –haietako bat mugikortasun urriko pertsonentzat egokitua–, txandakakoak, eta, nagusiki, gazteei zuzentzen zaizkie, haien ematzipazioa sustatzeko asmoz. Eraikitzen direnean, Alokabidek lagako ditu, gehienez bost urtez, bizitokiak esleitzen zaizkien pertsonen diru-sarreren % 30 baino handiagoa ez den hileko kanonaren truke. Sartzeko aukera izateko eskakizunak dira, besteak beste, jabetzan etxebizitzarik ez izatea eta urtean 3.000 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak izatea. Sailak bizitoki horietan 521.823,39 euro inbertituko ditu, eta obrak 2022an hastea aurreikusten du.

Une hauetan, Etxebiden Orioko 206 pertsona daude inskribatuta, udalerri horretan etxebizitza bat eskatzeko; haietatik, % 64k errentamendu modura eskatu dute. Hori da Etxebizitza Legeak herritarrei bizigarritasuneko irtenbideak emateko lehenesten duen formula, Euskadin etxebizitza duinerako eskubidea baliatu ahal izateko. Orioko herritarrak lehenetsiko dira 46 etxebizitza horien eta sei zuzkidura-bizitokien hartzaile gisa.

Eusko Jaurlaritzak, Orion, gaur egun, 18 etxebizitza kudeatzen ditu, Alokabideren bidez. Horiek guztiak Bizigune programakoak dira; programa horren bidez, jabeek Jaurlaritzari lagatzen dizkiete haien etxebizitzak, Jaurlaritzak berak behar dituzten pertsonen esku arrazoizko prezio batean jar ditzan.  Era berean, Sailak sei Gaztelagun laguntza eman ditu, gazteentzako alokairu librea bultzatzeko; programa horretarako 39.175 euro baliatuko dira Orion, eta beste zazpi aparteko laguntza, pandemiaren eraginpean bizi diren familiei alokairua ordaintzen laguntzeko; 9.750 euro hitzeman dira horretarako.

Iñaki Arriola sailburuak nabarmendu du zer garrantzitsuak diren hau bezalako jarduketak, oriotarrei bizitokirako irtenbide bat emateko. Arriolak etxebizitzako politika publikoek duten garrantzia azpimarratu du: “oso garrantzitsuak dira familia eta pertsona gazteei arrazoizko prezioa duen alokairurako aukerak eskaintzeko, nahi duten udalerrietan bizitzeko aukera emango dieten aukerak izan ditzaten, arrazoizko errentamenduen truke; belaunaldi berriak gure herri eta hirietan finkatzeko tresna bat dira”.