Javier Hurtado: “Digitalizazio-estrategia bat ezarri dugu Euskadi zeharkatzen duen Santiago Bidearen sustapena indartzeko”

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Santiago Bideko Autonomia Erkidegoen Elkarraldian parte hartu du. Santiago Konpostelakoan izan da bilera, eta bertan Santiago Bidearen kudeaketa eta Erkidegoetan izan dituzten arrakasta-kasuak azaldu dituzte dagozkien sailburuek. Gainera, zenbait gairi heldu zaie, besteak beste: Bidearen segurtasun-eskuliburuak eta baterako programazio eta ekintzarako proposamena.

Sailburuak erakundeen arteko lankidetzak duen garrantzia adierazi du eta azaldu duenez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak “kulturaren, ondarearen eta turismoaren arloetako bere estrategiaren ardatzean jarri du Santiago Bidea. Horregatik, beti egongo gara prest gai honetan lankidetzan aritzeko. Horrela egiten dugu Espainia Berdeko Erkidegoekin bideak garrantzizko papera duen sustapen-ekintzetan ere”.

Hala, sailburuak azaldu duenez, urte hauetan Eusko Jaurlaritzak hainbat jarduerei ekin die, horien artean: bidea definitzea, bertako ondare-baliabideen inbentarioa egitea, kultura-ondarea ikertzea eta bidearen etengabeko sustapena baliabide turistiko gisa, sustapen-materialen bitartez.

Bestetik, “azken hamarkada honetan errepidetik igarotzen diren trazatuaren zatien % 25 kendu dugu, horrek segurtasuna eta aukera paisajistiko eta historiko oso bereziak eskaintzen baititu”. Mugarri zehatz gisa, sailburuak nabarmendu egin du “Turismo Sailak bultzatutako sustapenaren eta plangintzaren digitalizazio-estrategia, Bidearen sustapena indartzeko balio izan duena”.

Lan hori burutzeko sustapen-material guztiak berritu dira; oraingo material inprimatuek QR kodeak dituzte track-ak deskargatzeko eta informazio eguneratua eskuratzeko. Gainera, Euskadiren turismo-atarian ibilbide geolokalizatuak ezarri dira sistema propio batekin, GeoEuskadi izenekoarekin; honek beste sistema batzuek baino track zehatzagoak eskaintzen dizkie erromesei.

Santiago Bidea Euskadin

Euskaditik igarotzean, Santiago Bideak bi ibilbide ditu: bata kostaldetik eta bestea barnealdetik, Frantziako Bidea deitzen zaion horrekin elkartu arte aurrera egiten duena.

Santiago Bideak euskal kostaldetik (214km) 8 etapa ditu eta bertan batera aurkitzen dira Euskadi itsastarra eta nekazaria, baita Euskadi urbanoa eta landakoa ere. Bere lehenengo zatian Gipuzkoako itsasertzetik doa, Bidasoaren ahotik Bizkaiko mugaraino. Bizkaian barneratzen da Markina-Xemein zeharkatzean eta Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdeetako bazterrak ezagutzeko aukera ematen du, Enkarterrietara iritsi arte.

Santiago Bideak barnealdetik (249km) izugarrizko dibertsitate geografikoa, historikoa, soziala, ekonomikoa, monumentala eta kulturala zeharkatzen du zazpi egun eskasetan. Gainera, ibilbide hau penintsularen iparraldeko komunikazio-ardatz garrantzitsuenetako bat izan da erromatar garaitik.

Euskadin, Santiago Bidea Kultura Ondasun Kalifikatu gisa hartzen da, Multzo Monumental kategoriarekin, eta barnean biltzen ditu bere trazatua bera eta eusten dien bideak; obra zibila bide-trazatuaren euskarri gisa; Multzo monumentala eta bideari eta beste elementu batzuei atxikitako higiezinak.

https://turismo.euskadi.eus/contenidos/informacion/turismo_caminos_landing/es_def/camino.html