Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, 60.000 euroko dirulaguntza zuzena onartu du Arabako Kultura Bizia elkartearentzat, «Kultura Bizia Gunea-Iradier Arena 2021» proiektua finantzatzeko.
Gasteizko hainbat kultura-eragilek sortutako elkarteak Iradier Arena erabilera anitzeko esparrua behin-behinean egokitzeko eta abian jartzeko proiektua aurkeztu zien hainbat erakunderi, gune horretan kultura-jarduerak modu seguruan eta etengabe antolatzeko 2021eko apiriletik irailera bitartean.
Zuzeneko diru-laguntza hori bat dator Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak COVID-19aren pandemiak kultura-sektorean izan dituen ondorioak arintzeko asmoz kultura-sektorearen jarduera sustatzeko dituen helburuekin, eta, zehatzago, arte bizietako ikuskizunen programazioarekin, hala nola musikarekin, antzerkiarekin edo dantzarekin lotutakoekin.