Barakaldok 62 enpresa sortzea erraztu zuen

0

Barakaldoko Udalak, Inguraldeko Enpresak Sortzeko Arloaren bidez, 62 enpresa berri abiaraztea erraztu zuen 2020ko urritik 2021eko ekainera bitartean. Kopuru horrek gora egin dezake datozen egunetan; izan ere, duela gutxi prestakuntza-ekintzetan parte hartu duten pertsona batzuek oraindik ez dute alta eman Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, eta % 15 baino gehiago igo da aurreko aldiarekin alderatuta.

«Benetan azpimarragarria da, historiako une ekonomiko zailenetako batean, 120 pertsona baino gehiagoren gaitasun profesionalak autoenplegu bideragarrira eta etorkizunera bideratzeko gai izan garela, 62 enpresa berritan islatu dena», esan du David Solla Ekonomia Sustapeneko zinegotziak.

Inguraldeko Enpresak Sortzeko Arloan erregistratutako datuen arabera, 124 pertsonak jaso dute prestakuntza autoenplegurako programetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailak diruz lagunduta. Prestakuntza-prozesua 6 ikastaroren bidez egin da. Ikastaro horiek, pandemiaren ondorioz, modu birtualean garatu dira.

Partikularrei zerbitzu profesionalak emateko jarduera-eremua (higiezinen zerbitzuak, merkataritza-agenteak, garraioa eta paketeak eta maskotak, besteak beste) emankorrena izan da, 32 enpresa sortu baitira eta 55 pertsona prestatu. Jarraian, merkataritza-arloa (11 enpresa eta 25 pertsona prestatuta) eta ostalaritza-arloa (7 enpresa eta 14 pertsona prestatuta) daude. Eta distantzia handixeagora, ile-apaindegiak eta estetika (5 enpresa/13 pertsona prestatuta), prestakuntza (4 enpresa eta 8 pertsona prestatuta) eta enpresentzako zerbitzu profesionalak (3 enpresa eta 9 pertsona prestatuta).

Ildo horretan, azpimarratzekoa da sortutako enpresa berrien eta gizartean kontsumoaren eta ohituren arloan suspertzen ari diren sektoreen arteko korrelazioa. Era berean, Barakaldoko enpresa-sarea gizarte-eskaera berrietara egokitzen dela adierazten du, kontsumo-ereduaren etengabeko aldaketari eta merkatuaren bilakaera naturalari erantzuteko. Aztertutako aurreko aldiarekin alderatuta (2019ko iraila – 2020ko urria), nabarmentzekoa da prestakuntza jaso duten pertsonen kopurua igo egin dela, 69 izatetik 124 izatera igaro baita. Prestakuntza jaso zuten enpresen kasuan, 50 sortu ziren, eta gaur egun 62.

Inguraldek enpresak sortzeko duen prestakuntza alderdi garrantzitsua da negozio bat abian jartzeko prozesuan. Prestakuntza horrek bi helburu ditu. Batetik, negozio-ideia aztertzea, hausnarketa estrategikotik etorkizuneko enpresaren eraginkortasuneraino, eta, bestetik, enpresa berriaren etorkizuneko kudeaketarako gaitzen duten enpresa-kudeaketako ezagutzak eskuratzea.

Kontuan izan behar da, halaber, enpresa berri horiek aberastasuna eta bizia ekartzen diotela hiriari udalerriko kaleei, eta, beraz, Inguraldek ekintzailetzaren alde egiten duen apustuak isla zuzena du herriko ekosistema ekonomikoan.