Barakaldoko hiri-zuhaiztiak iraunaraztearen alde ordenantza berria

0

Atzo entregatu zien Barakaldoko Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala Arloko Alba Delgado zinegotziak talde politiko eta erakundeei Hiriko Zuhaiztiak Babesteari buruzko Udal Ordenantza. Araudiak xede du hiriko zuhaitzak iraunarazteari lehentasuna ematea, eta udazkenean gauzatuko da, Udalbatzak onartutakoan.

«Zuhaitzek gure kaleak edertzeaz gainera,  oso onuragarriak dira:  udan tenperatura jaisten laguntzen dute; oxigenoa askatzen dute eta airearen kalitatea hobetzen, bide batez, partikula eta gas kutsatzaileetatik garbituz; haizetik, euritik eta eguzki-izpietatik babesteko pantailak dira; zarata-maila murrizten dute eta hainbat eta hainbat espezieri babesa ematen diete, udalerriko biodibertsitateari eutsiz «, azaldu du Delgadok.

Duela hiru urte sustatu zuen ordenantza gauzatzeko ekimena Eguzki elkarte ekologistak, PSE-EE, EH Bildu eta Irabazi Barakaldok babesturik. Garapen Jasangarria eta Ingurumen Naturala Arloak, bere aldetik, jendaurreko kontsultarako epea zabaldu zuen iragan maiatzaren 31n, eta hainbat proposamen jaso zituen herritarrengandik.

Zuhaiztiei buruzko oinarrizko arauak ezartzen ditu ordenantzak, hala leku publikoetan nola pribatuetan, bai eta landaketarako gutxieneko baldintzak ere (zorduntzetatik lur bolumenetaraino, espezie-aukeraketa ere kontuan hartuz.

Aldi berean, zuhaiztiak mantentzeko arauak ezartzen dira (ikuskapen teknikoak, inausketa, ongarritzea eta abar), eta zuhaiztien inguruko esku-hartzeak ere, ezinbesteko kalteak saihesteko.

«Ildo horretan, zuhaitza hiri-diseinuaren elementu berezitzat joko da:  jaiotzen, hazten eta hiltzen den izaki bizia delako, eta ingurunearen alterazioarekiko sentikorra delako.

Araudiaz gainera, Toki-intereseko zuhaiztiak babesteko erregelamendu bat taxutuko da, bestelako babes-neurriak izango baitituzte zuhaitzak.

Ordenantzak, halaber, bi baimen-prozedura mota jasoko ditu zuhaitzei eragiten dieten jarduketen kasuan.  Ordenantza errespetatzen ez dutenentzat ere zehapen-araubide bat ezarriko da, hargatik eragotzi gabe beste administrazio batzuek esleituta dituzten eskumenak, egintza jakin batzuk hirigintzako arau-hauste izan baitaitezke. Isunetako batzuen ordez komunitatearentzako lanak egin ahal izango dira.

Zehapenak gorabehera, Udalak zuhaitzak leheneratzea ere eskatu ahal izango du. Udalak arau-hauslearen ordez ere jardun ahal izango du, baina hark ordaindu beharko ditu kalteak.