Bidea egingo du Barakaldoko Udalak, auzoetako jai batzordeek pandemiak dirauen bitartean kultur programetarako dirulaguntzak eskura ditzaten

0

Koronavirusak urtebete baino gehiago darama herriko jaiak orain arte ezagutu izan ditugun bezala ospatzea galarazten. Hori handicap bat izan da beren jarduerak garatu ezin izan dituzten auzoetako festa-elkarteentzat ere. Ildo horretan, Kultura Arloak, Ogasun Arloarekin batera, gaur arratsaldeko osoko bilkurara eraman du Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren aldaketa, auzoetako batzordeentzako dirulaguntza izendunen helburua aldatzeko eta plan horri esker Jaietako Batzordeek kultur programazioa garatu ahal izan dezaten, auzoetako jaiak egiteari lotut egon gabe. Irailean jarriko da indarrean aldaketa; izan ere, osoko bilkurak onartu ondoren, hilabeteko epea izango baitu jendaurrean jartzeko. Horrela, jai-batzordeek 2021etik bertatik izango dute aldaketaren onura. «Ez dakigu noiz berreskuratu ahal izango ditugun jaiak orain arte ezagutzen genituen bezala, baina uste dugu garrantzitsua dela,pandemia honek irauten duen bitartean batzordeei euren jarduerari eusten laguntzea. Horrela azaldu nuen joan den ekainean auzoetako batzordeekin izandako bileran. Aldaketa hau osoko bilkurara eramateko konpromisoa hartu nuen eta gaur errealitate bihurtu dela esan dezakegu, adierazi du Canterok. Batzordeei beren auzoetan kultur jarduerak antolatzen jarraitzeko asmoz sortu da ekimena, aurreikuspenak eginez eta Udalaren aurrekontu-laguntzarekin, nahiz eta ezin den jai-ekitaldirik programatu. «Auzoetako jaiekin dugun konpromisoa eztabaidaezina da.

Espero dugu laster jaiak berreskuratu ahal izatea, baina osasun egoerak uzten ez duen bitartean, batzordeek kultur jarduerak programatu ahal izango dituzte Udalaren babes ekonomikoarekin eta osasun neurriak errespetatuz «, esan du Canterok.