Esklabetan alokairu sozialeko 48 etxebizitzak eraikitzeko kontratua adjudikatu da

0

Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Esklabetako eraikinean alokairu sozialeko 48 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena sinatu zuten. Tramite legal eta lagapen prozesua gauzatu ostean, iaz hasi zuen obrak esleitzeko lehiaketa publikoa Etxebizitza Sailak. Guztira, 14 enpresa aurkeztu dira eta Obras y Construccion e instalaciones (OCISA) irabazi du; beraz, enpresa hori izango da obrak egingo dituena. Aurki hasiko dira obrak.

Proiektuaren helburua da Loiolako Inazio Hiribidean dagoen Esklabetako eraikinaren zati bat eraberritu eta erabilera publiko eta soziala ematea. 7.951 metro koadroko eremu horretan azpeitiarren etxebizitza beharrari aurre egiteko alokairu sozialeko 48 etxebizitza egitea adostu zuten bi erakundeek; eta, batez ere, gazteen emanzipazioa sustatuko da azpiegitura horren bidez.

Obra egiteko 5.459.603,64 euroko inbertsioa egingo da eta 26 hilabeteko epean etxebizitzak eginda egon beharko dute.