Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluan bere Iraunkortasun Energetikoaren Batzordea sortzea onartu du. Batzorde hori arduratuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoaren Legea betetzeko beharrezkoak diren jarduketak egiten dituzten sailak eta sail horien mende dauden erakundeak koordinatzeaz.
Batzorde honen eginkizuna izango da jarduketa energetikoaren plan orokorra eta eraikinen, ibilgailuen eta argiteria publikoko instalazioen inbentarioa onestea proposatzea; langileak energia-aurrezpena eta -efizientzia handitzeko teknikari buruzko prestakuntza-plan bat ezartzea; Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoaren Legea betetzeko garatutako jardueren memoria egitea; eta, aldian-aldian, Batzorde Zuzendariari energia-jarduketako foru planaren egoerari eta garapenari buruzko informazioa ematea.
Organo berria Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailari atxikita dago eta batez ere izaera teknikoa izango du; halaber, Aldundiko funtzionarioek osatuko dute, batzordeburua eta batzordeburuordea izan ezik, horiek zuzendari nagusiaren maila izango baitute. Batzordeko kideak izendatzerakoan dagozkien eginkizunak garatzeko trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen presentzia orekatua bermatuko da.
Jarduketak definitzeko ibilbide-orria
Batzorde honen sorrera eta erregulazioa arautzen duen dekretua lantzearekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiak ibilbide-orri bat egin du azken hilabeteetan euskal legean jasotako energia-jasangarritasunaren eta -efizientziaren eskakizunei eta helburuei erantzuteko 2021-2030 aldian egin beharko dituen jarduketak identifikatzeko. Ibilbide-orri horrek jarduketa horien lehentasun-maila zehazteko irizpideak ere ezartzen ditu eta, beraz, horiek planifikatzeko erreferentzia gisa balioko du.
Dokumentu hau Jasangarritasun Energetikoaren Legeak eragiten dien foru erakundeko sail, zuzendaritza, zerbitzu eta atal guztiek parte hartu duten partaidetza-prozesu baten emaitza da: Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saila, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila, Ogasuna eta Finantzak Saila, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila eta Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saila.
Horrela, sail horiek guztiek garatu beharreko jarduketak zehaztu dira. Besteak beste:
- Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko arloan, batzordea bera sortzea eta Energiaren Arloan Jarduteko Plan Orokorra egitea eta, horrez gain, foru langileentzako energia-aurrezpena eta -efizientzia handitzeko teknikei buruzko prestakuntza-ikastaroak diseinatzea.
- Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako arloan foru-titulartasuneko eraikinen energia-ziurtapeneko zerbitzuak kontratatzea, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko irizpideak txertatzea instalazioak eta ekipoak berritzeko prozesuetan, edo erregai alternatiboak erabiltzen dituzten ibilgailuak erosteko lizitazioa eta esleipena egitea.
- Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailean, jasangarritasunari buruzko azterlan bat sartzea errepide eta bizikleta bideetako lurralde-plan sektorialetan eta Bilbo Metropolitarreko, Igorreko, Durangoko, Mungiako eta Gernika-Markinako lurralde-plan partzialetan.
- Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko arloari dagokionez Bizkaibuseko zerbitzua emateko esleipenerako lizitazioan sartzea zerbitzua erregai alternatiboak erabiltzen dituzten ibilgailuen bidez emateko eskakizuna, edo garraio publikoaren edo Bizkaiko Foru Aldundiko langileen artean erabilera partekatutako mugikortasuna sustatzeko neurriak diseinatzea eta ezartzea.
- Ogasun eta Finantza Sailaren arloan foru erakundearen eraikin eta instalazioen inbentarioa egitea.