Ezohiko Udalbatza egongo da bihar ostegunez Hondarribiko Udalean

0
PRUEBA

Ostegun arratsaldez plenoa egongo da Hondarribiko Udalean. 7 puntu izango ditu, eta garrantzitsuenen inguruan azalpenak emateko agerraldia egin du gaur Areto Nagusian Txomin Sagarzazu Alkateak.

“Ezohiko Bilkura izango da biharkoa. Laugarren puntuan Hondarribiko 12 kale asfaltatzeko eta urbanizazio-lan osagarriak egiteko obrak lizitatzeko pleguak onartzeko proposamena eramango dugu. Uztailean onartu egin genuen proiektua eta orain pleguak atera nahi ditugu prozesuak aurrera egin dezan eta lanak datozen hiletan has daitezen”.

“Mugikortasun Jasangarriarekin lotuta, 12 kale eta ibilbideen berriritartze eta egokitzea bilatu nahi da 5’1 milioi euroko aurrekontuarekin” azaldu du Txomin Sagarzazu Alkateak. “Hain zuzen ere, Axular kalea, Baserritar Etorbidea, Bidasoa Ibilbidea, Donostia kalea, Gibeleta, Harresilanda, Irun, Kosta, Nestor Basterretxea, Sabin Arana, Txiplao industrialdea eta Zezen plaza dira hautatutako kaleak.

“Hondarribiko hiri-eremuko eta landa-eremuko lorezaintza kontserbatzeko eta mantentzeko lanak esleitzeko proposamena ere landuko da bosgarren puntuan. Kontratazio mahaiak Elai Serbitzuak enpresari esleitzeko proposamena egin du, hiru urteko iraupena eta 1’3 milioi euroko aurrekontuarekin”.

Francisco Sagarzazuren oinordekoen dohaintza

Eguneko Aztergaiaren beste puntu batean, XX. Mendean bi alditan Hondarribiko Alkate izan zen Francisco Sagarzazu zenaren ondorengoen ondasunen dohaintza onartzeko proposamena jorratuko da. “1925-1929 eta 1942-1958 urte artean izan zen Hondarribiko Alkate, eta orain oinordekoek hainbat material eskaini nahi diote Udalari, horien artean artxiboko dokumentazio ugari, Bienabe Artiak Sagarzazuri egindako erretrato bat edota 1929koa izan daiteken bideo bat ere. Eskertzekoa da herritarren eskutan materiale hau jarri izana” esan du Txomin Sagarzazu Alkateak.

Eguneko Aztergaian agertzen ez bada ere, Juan Luis Silanes zinegotziari bere funtziotan ‘Garapen Jasangarria’ gehitzea eta Gonzalo Carrioni ‘Nekazaritza’ gehitzea erabaki da, eta horren berri emango da Bilkuraren hasieran.