Pasa den kurtsoan egin ziren berrikuntzen ondoren, Zarauzko Udalak inbertsio berriak martxan jarri ditu Haurreskolako eraikinean bertan eskaintzen diren zerbitzuak eta haurren baldintzak hobetzeko asmoz.
Eraikinaren kanpoaldean zegoen lur zatia eraldatzeko, lehenik Udal Brigadak kautxozko lurra kendu, nibelatu eta arrastelak jarri dituzte. Ondoren Larrazpi Aroztegiak bertan egurrezko oholtzak jarriko ditu. Lan hauek 12.285,31 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute.
Bestalde eraikinaren ekialdeko leihoetan toldoak jarri dira, eguzkiak jotzen duenean, gela barneko haurrak eguzkitik babesteko. Etxe Teknik enpresak jarriko ditu toldoak eta 4.174,77 euroko (BEZ barne) aurrekontua izango du.
Azkenik, Haurreskolako eraikuntza zaharreko lorategian ere lorazaintza lanak egin dira bertako zelaiaren egoera hobetzeko.
“Pasa den ikasturtean Haurreskolan egindako inbertsioei jarraipena eman nahi izan diegu, haurrak udako opor garaian daudela aprobetxatuz” adierazi du Leire Arana (EAJ-PNV) jarduneko Hezkuntza zinegotziak. “Haurreskolako klaustroak egindako eskakizunari erantzunez eta beharra ikusirik, eraikinaren kanpoaldean hainbat berrikuntza lan egiten ari gara haurrak ahalik eta baldintza egokienetan garatu daitezen”.