Gaur goizean, LABIren Batzorde Zientifiko-Teknikoak beste bilera bat egin du Lehendakaritzan. Oraingoan, Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua izan dira bertan.
Batzorde Zientifiko-Teknikoak egiaztatu du abuztuaren hasieratik bilakaera positiboa izaten ari dela metatutako intzidentziari dagokionez. Hala ere, hobekuntza hori oraindik ez da nahikoa asistentzia-presioan. Hori dela eta, LABIren Batzorde Zientifiko-Teknikoak uste du «zuhurra» dela indarrean dauden neurriei beste astebetez eustea, adierazle guztietan beheranzko joera sendotzeko.
Gaur egun, Osakidetzan 256 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19rekin eta 75 pertsona ZIUn. Asistentzia-presioaren adierazlea hildakoekin batera (Covid-19k 35 heriotza erregistratu zituen joan den astean), erreproduktibitate-indizearekin eta adin-segmentuekin batera, arreta gehien eskatzen dutenak dira.
Osasun sailburuak nabarmendu du garrantzitsua dela erne egotea eta herritarren konpromiso kolektiboari eustea oinarrizko prebentzio-neurriekin: maskara erabiltzea, pertsonen arteko distantzia eta pilaketak saihestea. «Birus honek erakutsi du badakiela edozein zirrikitutatik sartzen eta eraginkortasunez hedatzen; etengabeko prebentzio mentalitatea mantendu behar dugu gure eguneroko jardunean», esan du Gotzone Sagarduik.
TXERTAKETA
Une honetan, Euskadin, biztanleen % 82,4k (12 urtetik gorakoak) gutxienez dosi bat jaso dute, eta % 73,9k osatu dute txertaketa-pauta. Hala ere, sailburuak txertaketarekin jarraitzearen alde egin du, beste deialdi bat eginez, zehazki, kutsatu zirenetik 2 hilabete baino gehiago igaro diren 65 urtetik beherako pertsonei eta 12-39 urte bitarteko kolektiboari.
83.500 hutsune baino gehiago daude agendan txertoa hartzeko, eta Osakidetza prest dago heltzen diren dosi guztiak emateko, azaldu du.