UPV/EHUko ENEDI ikerketa-taldeak Euskal Autonomia Erkidegoan industriako hondar-beroa berreskuratzeko potentziala zehaztu du
UPV/EHUko ENEDI ikerketa-taldeak Euskal Herriko industrian aprobetxatu eta berrerabil daitekeen hondar-beroa balioetsi du. Egiaztatu dute 400 °C-tik gorako hondar-beroaren fluxuetan, aztertutako enpresen % 90ak baino gehiagok bost urtetik behera beharko lituzkeela normalean baztertua den bero hori berreskuratzeko beharrezkoa den inbertsioa amortizatzeko.
Industria-prozesu askok beroa sortzen dute; bero hori normalean atmosferara isurtzen da, eta aitzitik, berrerabil daitekeen beroa da. Ekoizpen-prozesuetan (galdaketa, siderurgia, papera edo zementua) sortutako beroaren % 35 eta % 50 artean galtzen da. Industriako hondar-bero hori modu eraginkorrean berrerabiltzeak edo beste prozesu batzuetan erabili ahal izateko berreskuratzeak aukera handia ematen du industriaren energia-eraginkortasuna handitzeko. Hala ere, aukera hori aprobetxatzen duten estrategiak diseinatzeko, beharrezkoa da industriako hondar-bero horren fluxuen kopuruari eta ezaugarriei buruzko datuak izatea. Informazio hori ez da beti erraza izaten, eta enpresa askok ez dute beren ekoizpen-prozesuetan dauden energia-fluxuen erregistro sistematikorik ere.
“Lan honetan, Euskal Autonomia Erkidegoan hondar-bero industriala berreskuratzeko potentziala zehazteko lau metodo erabili dira. Kalkulu horiek bi erreferentzia-adierazletan oinarritzen dira: erregai-kontsumoa (gasolioa eta gas naturala) eta CO2 emisioak”, adierazi du Pello Larrinaga UPV/EHUko ENEDI ikerketa-taldeko ikertzaileak.
Horrelako azterketa energetiko bat egiteko, ezinbestekoa da datu-base erraz bat sortzea kalkulu-tresna gisa balioko duena. Lan honetan, datu-base propioa egin dugu datu hauekin: energia-kontsumoa (gasolioa eta gas naturala), CO2 emisioak, jardueraren deskribapena, langile-kopurua, fakturazioa, enpresaren kokapena, etab. “Halaber, potentzialaren zonakako banaketa eta intentsitatea ezagutzea oso baliagarria da jakiteko zein eremutan dagoen hondar-bero industrialaren kontzentrazio handia berreskuratze-estrategiak edo politikak diseinatzeko. Bizkaia potentzial handiena duen euskal probintzia dela ikusi dugu. Izan ere, Bizkaiak energiaren alorreko industria intentsiboagoa du beste bi probintziek baino; Gipuzkoako eta Arabako industria-sareak beste ezaugarri batzuk ditu: Gipuzkoan, esaterako, enpresa asko daude makina-erreminten ekoizpenarekin eta automobilaren industriarekin zerikusia dutenak, eta sektore horietan ez da industriako hondakin-beroari buruzko datu esanguratsurik identifikatu; Araban, biztanle gutxien dituen probintzian, berriz, hondar-beroaren iturriak oso industria-eremu zehatzetan pilatzen dira”, dio Larrinagak.
“Garrantzitsua da halaber —dio UPV/EHUko ikertzaileak— hondar-bero horren irteera-tenperatura ezagutzea, zer erabilera eman dakiokeen aztertzeko. Printzipioz, bero hori tenperatura altuetan ateratzen bada, etekin handiagoa ateratzen zaio edo errazago berreskuratzen da. Aztertutako datuei dagokienez, % 36a baino gehiago 500 °C-tik gora isurtzen dela ikusi dugu, eta % 7, zehazki, 1.000 °C-tik gora igortzen da. Hala ere, zailagoa da tenperatura baxuetan (200 °C baino gutxiago) ateratzen den hondar-beroari jarraipena ematea, aplikazio-tartea askoz ere mugatuagoa baita”. “Lan honetan ikusi dugu aztertutako enpresetan kalkulatutako hondar-beroaren % 37 200 °C-tik beherako tenperaturan dagoela. Hori dela eta, gaur egun erabiltzen ditugun materialak eta biltegiratze termikoko gailuak bero mota hori berreskuratzeko pentsatuta daude. Izan ere, bero hori berehala berreralbitzerik ez dagoenean, beroa metatuko duen biltegiratze-sistema bat behar da, beste une batean erabili ahal izan arte” gehitu du Pello Larrinagak.
Ikerketa-taldeak egiaztatu duenez, “400 °C-tik gorako hondar-beroaren fluxuentzat, aztertutako enpresen % 90ak baino gehiagok bost urtetik behera beharko lituzke inbertsioa amortizatzeko. 200 °C-tik beherako hondar-beroaren tenperatura duten industrien kasuan, proportzioa % 40raino jaisten da; datu esanguratsua oraindik ere. Kalkulu horiek guztiek aukera handia ematen dute alferrik galdutako energia hori berreskuratzeko eta irtenbideak ezartzeko, batez ere siderurgiaren eta industria petrokimikoaren sektoreetan. Baina, jakina, horrek guztiak azpiegiturak edo ekoizpen-prozesuak aldatzea eskatzen du gehienetan. Bestela esanda, enpresek anbizioa izan behar dute horrelako inbertsioak egiteko. Horregatik, neurri horiek sustatuko dituzten politika publikoak garatzea ere onuragarria litzateke”.
“Azterketa hau estimazio bat besterik ez da; ziur gaude uste baino hondar-bero gehiago dagoela. Hemendik aurrera, hurrengo pausoa azterketa zehatzagoa egitea litzake. Azterketa horretan, ekoizpen-prozesuei, hondakin-fluxuen ezaugarriei, emariei eta tenperaturei buruzko informazio zehatza jaso beharko litzateke. Halaber, proposatutako metodologia balioztatu beharko litzateke industria-sektore desberdinetako tokiko enpresekin lankidetzan”, dio Pello Larrinagak.