Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
COVID-19a duela ia urte eta erdi agertu zenetik, pandemia geldiarazteko neurri murriztaileak aldatu egin dira, birusaren intzidentziarekin batera. Eguneko txerto kopurua Estatu Batuetakoa baino handiagoa izatea lortu badugu ere, pandemiaren bosgarren olatuan gaude.
Hala ere, badu alde positibo bat: aldi horretan, hainbat txerto sortu dira, eta frogatu da eraginkorrak direla; gainera, COVID-19aren kutsatzeetan eta klinikan eragina izan dezaketen hainbat faktore ikertu dira.
Hori horrela, eta beste gaixotasun batzuekin gertatzen den bezala, gero eta arreta handiagoa jartzen ari zaio mikrobiotak COVID-19an izan dezakeen eraginari.
Organo ahaztua
Hesteetako mikrobiota (edo hesteetako mikrobioma) mikroorganismoen komunitate konplexua da, bakterioek osatua, gehienbat; gure hesteetan bizi da, eta 2 kg pisatzera hel daiteke.
Nabarmendu behar da hesteetako mikrobiotak zeregin garrantzitsua duela elikagaien digestioan (nutrienteak erauzten laguntzen du), eta zenbait nutrienteren sintesian; metabolitoak sortzen ditu, eta immunitate funtzioa erregulatzen du. Mikrobiotaren konposizioa (mikroorganismoen aberastasuna eta aniztasuna) aldatu egin daiteke pertsona baten jateko ohituren edo bizimoduaren (jarduera fisikoa) arabera. Eta aldaketek ondorioak izan ditzakete osasunean.
Gainera, hesteetako mikrobiotaren alterazioak (disbiosia) ere deskribatu dira; besteak beste, obesitatea, 2 motako diabetesa eta heste minberaren gaixotasuna.
Biriketako mikrobiota: hesteetatik haratago
Baina mikrobiota ez dago hesteetan bakarrik. Biriketan ere bakterioak daude, bereziki bacteroidetes, firmicutes eta proteobacteria.
Gainera, jakina da komunikazio gurutzatua dagoela hesteen eta biriken artean (hesteak-birikak ardatza), eta mikrobiota da bitartekaria, neurri batean behintzat. Era berean, hesteak handitzean sortzen diren metabolitoek (endotoxinak) kalte egin diezaiekete birikei. Eta alderantziz: arnas infekzioek kalte egin diezaiokete hesteetako mikrobiotaren konposizioari.
Hori horrela, sintoma gastrointestinalak (gorakoak, sabeleko mina eta/edo beherakoa) nahiko ohikoak izaten diren COVID-19a duten pazienteen artean, proposatu da kalte horiek hesteak-birikak ardatzak eragindakoak izan daitezkeela. Ez da ahaztu behar bai biriketako bai hesteetako epitelioa mukosen immunitate sistemaren parte dela.
Hesteen eta biriken arteko erlazioak ateak ireki diezazkie etorkizunean birusari modu eraginkorragoan aurre egin ahal izateko ikerketei eta esku hartzeei.
Mikrobiota, hesteak-birikak ardatza eta COVID-19a
SARS-CoV-2 koronabirusak batez ere birika ehunari eragiten dion arren, gaur egun badakigu traktu gastrointestinala infektatzeko gai dela. Hala, COVID-19aren sintoma nagusia arnas zailtasun akutuaren sindromea bada ere, hesteetako mikrobiotari ere eragin diezaioke, bitartekari proinflamatorioen ekoizpena areagotuta.
Izan ere, birus erreplikante asko aurkitu dira (batez ere zelula epitelialetan) COVID-19a duten pazienteei egindako heste meheko eta koloneko biopsietan.
Egoera horretan, iradoki da obesitatea eta/edo 2 motako diabetesa duten pazienteen kasuan, COVID-19aren larritasun handiena gaixotasun metaboliko horien bereizgarria den disbiosiaren ondorio izan daitekeela. Kasu horietan, disbiosiak berak eragin lezake SARS-CoV-2aren infekzioarekiko immunitate sistemaren kontrolik gabeko erantzun inflamatorioa, eta zitokina proinflamatorioen askapen masiboa eragin dezake, «zitokinen ekaitza» izenaz ezagutzen dena.
Bestalde, COVID-19a duten pazienteengan ikusi da korrelazio negatiboa dagoela sintoma gastrointestinal iraunkorren eta hesteetako mikrobiotaren aberastasunaren eta aniztasunaren artean. Horrek zerikusia izan lezake erantzun immune aldatu batekin, eta SARS-CoV-2a desagerraraztea motelduko luke.
Gainera, COVID-19a eta arnas zailtasun akutuaren sindromea duten pazienteen kasuan, hesteetako mikrobiota aurkitu da biriken barruan. Horrek iradokitzen du COVID-19ak hesteak-birikak ardatza alda lezakeela, eta hestearen eta birikaren hantura egoeraren arteko atzeraelikadura eragin.
Izan ere, Amsterdamgo ospitale batean egin berri den ikerketa batek ondorioztatu duenez, bai bakterio-maila handia bai biriketan aurkitutako hesteetako mikrobiota COVID-19a duten paziente kritikoen gaixotasunaren amaieraren iragarle dira.
Ikerketa horretan bertan ikusi zuten, halaber, COVID-19a zuten pazienteen biriketako mikrobiota desberdina zela arnas zailtasun akutuaren sindromea zuten eta ez zuten pazienteen artean. Arrazoia izan daiteke konplikazioak dituzten pazienteen biriketan hesteetako mikrobiota gehiago dagoela.
Mikrobiota, balizko itu terapeutikoa COVID-19an
Nahiz eta oraindik ez diren sakon ezagutzen hesteen, biriken eta COVID-19aren arteko erlazioan inplikatutako mekanismoak, eskuragarri dauden emaitzek erakusten dute gaixotasunaren garapenean/larritasunean dutela eragina. Hori horrela, uste da hesteetako mikrobiotaren konposizioa modulatzeko/berreskuratzeko gai diren esku hartzeek COVID-19aren larritasuna murrizten lagun dezaketela.
Izan ere, gaur egun, azterketa kliniko ugari egiten ari dira probiotikoek, prebiotikoek eta sinbiotikoek COVID-19an izan dezaketen erabilgarritasunari buruz. Esku hartze horien emaitzak oraindik urriak diren arren, baiezta dezakegu hesteetako mikrobiota berreskuratzeak eragin antiinflamatorioa duten metabolitoak ekoiztea errazten duela, bakterio komentsalen aldetik.