Oporraldietan hutsik dauden etxebizitzetan lapurtzen duen talde antolatu bateko bi kide espetxeratu dituzte

0

Ertzaintzako agenteek, Basauriko Udaltzaingoarekin elkarlanean, 33 eta 36 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte, Bilboko eta Basauriko (Bizkaia) zenbait etxebizitzatan izandako lapurretetan parte hartu dutelakoan. Atxilotuak ikerketapean geratu dira Europa ekialdetik etorritako talde kriminal antolatu bateko kide izan daitezkeelakoan. Mota horretako delituak egiteko materiala harrapatu diete (markagailuak eta gakordeak).

Joan den larunbat goizean oporretatik itzuli berria zen auzoko batek Basauriko Ertzaintzari ohartarazi zion udalerri horren erdialdeko kale bateko higiezin batean ustez markagailuak jarri zituztela. Lapurrek etxebizitzetako ateetan jarri ohi dituzte markagailu horiek, etxebizitza horietan aldi batez inor bizi ez dela detektatzearren.

Ertzaintzako zenbait patruila berehala bertaratu ziren eta agenteek higiezinean zelulosazko 15 markagailu zuri aurkitu zituzten sarrailetan sartuta. Horrez gain, antzeko markagailuak aurkitu zituzten Basauriko kale bereko beste hiru ataritan.

Hori dela eta, igande goizaldean Ertzaintzak eta Basauriko Udaltzaingoak baterako dispositiboa ezarri zuten, eta 02:15ean, gutxi gorabehera, bi gizonezko ikusi zituzten markagailuak detektatu ziren ataritik irteten. Polizia bertan zela ikusirik, bi pertsona horiek lasterka ihes egiten saiatu ziren eta jazarpenean zenbait objektu bota zituzten. Azkenik, agenteek bi pertsonak atzeman, eta menderatu behar izan zituzten, indarrez erantzun baitzuten, atxilotu ez zitzaten.

Ikerketaren barruan, segurtasun-kameretako irudiak lortu ziren, eta lau gizonezko zeuden grabatuta. Gizonezko horiek, inolako zalantzarik gabe, kokatu ahal izan ziren gertaeren lekuan, eta horietako bi orain atxilotutakoak dira.

Atxilotuak —horietako batek antzeko delituen ondoriozko polizia-aurrekariak zituen— epailearen esku jarri zituzten astelehen arratsaldean, eta epaileak Basauriko espetxean sartzea agindu zuen.

Atzemandako materiala

Gizonezkoek jaurtitako objektuen artean zazpi gakorde aurkitu zituzten (borja edo puntu anitzeko sarrailak irekitzekoak), delituaren ebidentzia gisa gorde zirenak. Gainera, atxilotuetako bati egindako miaketan, markagailuen antzeko materialezko paper-zapi bat eta paper-zapi zati bat aurkitu zitzaizkion.

Kalkuluen arabera, bi atxilotuak atariaren barruan ordu eta erdi inguru egon zirenez gero, ez da baztertzen etxebizitza baten barrura sartu ahal izana. Hortaz, kanpoan dauden auzokoak oporretatik itzuli zain geratu da Ertzaintza.

Ikerketa zabalik dago

Ertzaintzaren polizia-dependentzietan, zehaztu ahal izan zen 33 eta 36 urteko bi atxilotuak uztailaren erdialdean Bilboko zenbait etxebizitzatan izandako beste lapurreta batzuetan ere parte hartu zutela. Joan den hileko egun berean, lau etxebizitzatan izandako lau lapurreta salatu zituzten. Lapurreta horietan lapurrek itsasgarri bidezko antzeko markagailuak jarri eta etxebizitza horietako sarrailak manipulatu zituzten.

Ertzaintzako ikertzaileek uste dute bi atxilotuak Europa ekialdeko pertsonez osatutako talde kriminal antolatu bateko kideak direla. Talde hori espezializatuta dago borja edo puntu anitzeko sarrailen manipulazioan, eta teknika hori erabiltzen dute etxebizitzetara sartzeko, behin etxebizitzak hutsik daudela egiaztatu ondoren. Horretarako, lapurretaren bezperan askotariko markagailuak jartzen dituzte ateetan.

Ertzaintzak zabalik du ikerketa, azken hilotan zenbait etxebizitzatan izan diren eta zelula horri egotz dakizkiokeen lapurretak argitzen saiatzeko; aldi berean, Bilbon izandako lapurreten ustezko beste bi egileak identifikatzeko lan egiten ari da —orain atxilotutakoekin talde antolatua osatuko lukete—.

Modus operandia

Lan-dinamika hori talde antolatu eta ibiltarien bereizgarria da. Egin beharreko lana (markatzea, zaintzea, sarrailak irekitzea, miaketa, eta abar) banatzen duten hiru edo lau gizonezkok osatzen dituzte talde horiek.

Normalean, markagailuak lapurreten bezperan jartzen dituzte, eta delituak goizaldean egiten dituzte, etxebizitzetan inor bizi ez dela egiaztatu ondoren.