Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila pozik agertu da udako gazteen lanerako kanpamenduetan parte-hartzaileen artean Covid-agatiko kasu positiborik egon ez delako. Sail horretako Gazteria Zuzendaritzak, pasa den uztailaren hasieran, Auzolandegiak programari ekin zion berriz, kontuan hartuta 2020an osasun-egoera dela eta bertan behera geratu zela.
Auzolandegien helburua hainbat jatorri eta kulturatako 18 eta 26 urte bitarteko pertsonen artean kultura-trukerako eta bizikidetzarako bide ematea da. Bizikidetza horretan, gizarte-proiekzioa duen boluntariotza-lana garatzen da, Saileko Gazteria Zuzendaritzarekin programa horretan elkarlanean diharduen udalerriaren edo komunitatearen onerako izango dena.
2021ean, guztira 60 pertsonak hartu dute parte, egon diren plazen % 65ek. 2021eko Auzolandegiak bost txandatan antolatu da, lau udalerritan banatuta, uztailaren hasieratik abuztuaren erdialdera. 18 eta 26 urte bitarteko 60 pertsona horietatik, 40 beste autonomia-erkidego batzuetatik iritsi ziren. Proiektuak Maeztu, Gaubea eta Laudio (Araba) eta Sopuerta (Bizkaia) udalerrietan izan ziren.
“Programaren hartzaile diren gazteen artean eta begirale askoren artean COVIDak izaten duen intzidentzia ikusita, gure auzolandegietako protokoloak berrikusi genituen, kutsadurarik egon ez zedin eta halakorik detektatuz gero zer jarduketari jarraitu aurreikusteko”, esan du Agurtzane Llano Gazteriako zuzendariak.
Maskarak etengabe erabiltzea, kanpoan eta azpitalde murriztuetan jarduerak egitea eta udalerritik kanpora joan-etorririk egon behar ez izatea izan ziren jarduketa-urrats orokorrak. Gainera, eremu gehienetan, antigenoen testak egin ziren Auzolandegi bakoitzaren lehen egunean, eta berriro egin ziren adostutako epearen erdialdera iritsita.
Bestalde, COVID gelak gaitu ziren ostatuetan, koronabirusarekin bateragarria den sintomatologiarik duen edozein pertsona isolatzeko beharrik egonez gero, harik eta PCRa egin arte. Prebentzio-neurri bereziei buruzko hitzaldiez eta informazio-oharren banaketaz gainera, parte-hartzaileei gomendatzen zitzaien, besteak beste, antigenoen testa egitea, kanpamendura joan aurretik.
“Pozgarria da neurriek funtzionatu izana. Kezkatuta egon gara gazte eta begiraleen osasunarekin. Kezka horrek merezi izan du. Gainera, zoriondu nahi ditugu Auzolandegietan parte hartu dutenak, beren osasunarekin eta gainerakoenarekin erakutsi duten konpromisoagatik”, esan du Llanok.
2021eko Auzolandegiak, banakapena
Maeztuko Auzolandegian (Araba), hamabi gazte, uztailaren 19tik abuztuaren 2ra bitartean, Korreseko San Ildefonsoko asfaltuen fabrikako berreskuratze arkeologikoan inplikatu ziren. Gaubean (Araba), uztailaren 1etik 13ra bitartean, 11 gaztek iturria zaharberritu eta Mardoneseko eremuko kaleak egokitu zituzten. Sopuertan (Bizkaia), hamalau gazte, abuztuaren 2tik 16ra bitartean, bertako auzoen konexio jasangarrian murgildu ziren. Laudion (Araba), bi txanda gaitu ziren: lehena, 13 gazterentzat, uztailaren 5etik 19ra bitartean, eta bigarrena, 10 gazterentzat, uztailaren 19tik abuztuaren 2ra bitartean. Bi kasu horietan, Ermuko Andre Mariaren santutegiaren inguruko karobia, elurtegia eta bidexkak berreskuratzeko.
Beatriz Artolazabal sailburuak Ermuko Andre Mariaren santutegia pasa den uztailaren 15ean bisitatu zuen. Orduan, honako hau esan zuen: “gazteen errudunestearen aurrean, gure neska-mutil gehienen konpromisoa eta erantzukizuna azpimarratu nahi dugu». Programan kutsadurarik egon ez izanak babesten ditu Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren arduradunaren hitzak.
Gainera, Euskadiko 93 gaztek izena eman dute beste autonomia-erkidego batzuetako auzolandegietan eta 4k, atzerrikoetan.