Barakaldoko Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen atzo gauean hainbat agenteri eraso egiteagatik. Gizonak, aldez aurretik, Lasesarre inguruko atari bateko eskailerako leihoa hautsi zuen su-itzalgailu batez, Herritarren Segurtasun eta Babes Zibileko zinegotzi Ángel Madrazok jakinarazi duenez.
22:30ak inguruan atxilotu zuten, jabekideen erkidego bateko bosgarren pisu batean ezkutatuta zegoen gizona. Bizilagun batek ohartarazi ondoren bertaratu zen polizia.
Gizonezkoa ¿ S.R.R., gaizkile ezaguna ¿ eskailera-burura atera zen labana batekin, eta agenteei aurre egin zien. Hala ere, udaltzainek geldiarazi, menderatu eta atxilotu egin zuten. Gizonak gogor egin zion aurre Udaltzaingoari, eta, ondorioz, hiru agente lesionatu ziren. Atxilotuari agintaritzaren agentearen aurkako atentatua egotzi diote, eta epailearen esku utziko dute.
Bestalde, Angel Madrazok jakitera eman duenez, ostiraletik larunbaterako goizaldean Barakaldoko Udaltzaingoak beste gizon bat atxilotu zuen Zumalakarregi inguruan auto baten katalizatzaile bat lapurtzen saiatzeagatik.
03:00ak aldera, bizilagun batek kalean zaratak entzun ondoren, leihotik begiratu, eta eskuan erradial bat zeukan gazte bat ikusi zuela ohartarazi zien agenteei. Udaltzaingoa berehala bertaratu zen eta pertsona hori geldiarazi zuen, auto batean ihes egiten saiatu zen arren. Esku-hartze horretan, patruila-autoa kolpatu zuten.
Gizonari katalizatzaile moztu berri bat konfiskatu zioten, baita legez kanpoko praktika hori egiteko hainbat material ere (katu hidraulikoa, zerra elektrikoa, zerra-diskoak, linternak…). Gizonak adierazi zuenez, inguruan aparkatuta zegoen ibilgailu baten katalizatzailea lapurtzea zen bere asmoa, baina poliziak azkar jardun zuenez, ezin izan zuen.
Gazteak zeraman katalizatzailearen jatorria ikertzen ari dira udaltzainak, itxura guztien arabera, lapurtu egin baitu.