Marcelino: “Sentsazio onak berretsi nahi ditugu bihar”

0
PRUEBA

Marcelino Garcia Toralek agerraldia egin du hedabideen aurrean bere taldeak, Athleticek, bihar Balaidosen (17:00etan) RC Celtaren aurka jokatuko duen partidaren atarian. LaLigako 2021-22 denboraldiko hirugarren jardunaldiko partidan, lehoiak denboraldiko lehen garaipenaren bila joango dira, talde zuri-gorriak gaur egun duen sasoi ona baieztatzeko balioko duena: “Ondo gaude, sentsazioak onak dira. Taldea ondo ari da entrenatzen, kontzentrazio eta esfortzu maila oso onarekin. Lehen garaipena lortzeko mentalitatea, gogoa eta ilusioa dugu. Joan den asteburuan ihes egin zigun, oso gertu edukita. 90 minutu ditugu taldearen joko ona eta maila lehiakorra berresteko”.

Entrenatzaile zuri-gorriak hitz onekin definitu du biharko aurkaria, RC Celta: “Etxetik kanpo jokatzen dugu talde on baten aurka, jokalari onekin. Ederto ibili beharko gara defentsan. Zailtasunik handiena espero dugu, baina edozein partidatan espero dugu. Gure arrakasta aurkaria une horretan daukagun etsairik handiena izatearen araberakoa izango da, taldearen izenari erreparatu gabe”.

Athleticek garaipena merezi izan zuen joan den asteburuan FC Barcelonaren aurka eta aurreko larunbatean erakutsitako maila da jarraitu beharreko bidea: “Zaila da Barçaren aurkako mailan beti jokatzea. Horrela jokatzeko eta lehiatzeko gai gara eta horretan zentratu behar gara. Guk ezin dugu maila lehiakorra jaitsi. Horrelako partidak behin baino gehiagotan egiten baditugu, berdindu edo galdu baino gehiago irabaziko dugu”. 

Jokalari zurigorrien nazioarteko deialdiei buruz galdetu diotenean, Marcelino pozik agertu da: “Talde gazte bat daukagu, eta talde horri lagundu behar diogu, exijitu, baina gure laguntza behar dute. Talde ona izan behar dugu, eta hala izanez gero, selekzioetan jokalariak egoteko aukera gehiago daude. Exijentziatik, gureak zaintzea eta Athleticen hamaikakoan hobetzen eta egonkortzen saiatzea”.