Klorofilaren fluoreszentzia, ekosistemen funtzionamenduari buruz dugun ikuspegia argitzen duen fotosintesiaren argia

0
PRUEBA

UPV/EHUko ikertzaile batek Nature Plants-en artikulu batean hartu du parte, fotosintesiaren jakintzan sakonduz

Zenbat karbono dioxido atmosferiko barneratzen du baso batek fotosintesiaren bidez? Zeintzuk landare barietate dira egoskorrenak aldaketa globalarekiko? Galdera hauek erantzun ahal litezke klorofilako fluoreszentzia behatu eta aztertuz.

Klorofilak, landareek eta algek eguzkiaren argia hartzeko erabiltzen duten pigmentu berdeak, argi gorri ahula igortzen du fotosintesian. «Klorofilako fluoreszentzia» deritzon horrek, giza begiak ezin ikus dezakeenak, fotosintesiaren bat-bateko tasari buruzko informazioa transmititzen du, eta horrek «leiho optiko» bat ematen du, landarearen egoera funtzionala eta osasuna arakatzeko. Nature Plants aldizkariak gaiari buruzko artikulu bat argitaratu berri du, ‘Chlorophyll a fluorescence illuminates a path connecting plant molecular biology to Earth-system Science’ izenekoa eta bertan hartu du parte José Ignacio García Plazaolak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Landare Biologia eta Ekologia Saileko Ekofisko ikertaldeko kideak.

Azken hamarkada batzuetatik hona hainbat manipulazio metodo ezagutu badira ere, klorofilaren fluoreszentzia hosto batean edo maila azpizelularrean neurtzeko eta interpretatu ahal izateko, duela gutxira arte, ordea, ezin izan da kalkulatu eguzkiak zuzenean eragindako klorofilaren fluoreszentzia (SIF), eta ekosistema batean eta eskualde-mailan irudiak lortu.

Gaur egungo SIF neurketak dorre, drone, hegazkin eta sateliteetan muntatutako sentsore optiko hiperespektralen bidez egiten dira. Esate baterako, Europako Espazio Agentziaren FLuorescence EXplorer (FLEX) satelite misioa programatuta dago 2024an espazioratzeko eta SIFen mapa globalak emango ditu ehunka metro gutxi batzuen bereizmenarekin.

Garapen horiek bidea errazten dute landare ekofisiologian, ekologian, biogeokimikan eta doitasunezko nekazaritzan eta basogintzan hainbat aplikazio zientifiko eta komertzialetarako.

«Tresna horiek aukera ematen dute eremuan fotosintesi espaziala eta 3D azterketak egiteko, eta horrek lagunduko du landare edo ekosistema baten zati desberdinen dinamika fotosintetikoarekin zerikusia duten gaiak konpontzen, mundu errealeko baldintzetan. SIF sistema, fenotipatu fisiologikoan eta estresaren detekzio aurre-bisualean ere aplika daiteke, hurrengo belaunaldiko laboreak eta oihanak maneiatzeko praktiketarako tresna indartsua baita «, azaldu du José Ignacio García Plazaolak.

Asmo handiko helburu horiek betetzeko, diziplina anitzeko eta eskala ugaritako lankidetza azterlanak egin behar dira. Landare biologiaren, teledetekzioaren, agronomiaren eta oihangintzaren esperientzia uztartu egin behar dira, SIFen informazio edukia aplikazio berritzaileetan itzultzeko.