Aritzbatalde kiroldegiak 2021/2022 ikasturteari hasiera irailaren 15ean emango dio, ikastaro eta zerbitzuen eskaintza zabalarekin. Leire Aranak, Kirol zinegotziak azaldu duenez, “aurtengo ikasturteak iazko bide beretik jarraituko du, txanda, aforo muga eta osasun eta higiene neurriekin, egungo errealitateari erantzun eta kirolaz modu seguruan gozatzen jarraitzeko. Hala ere, fitness eta igerileku guneetako txandetara sarrerak malguagoak izango dira ikasturte berrian. Izan ere, udan tornuen bidezko sarrera aktibatu dugu eta honek aukera ematen du erabiltzaileak txandan zehar nahi dutenean sartzeko, eta ez lehen bezala, txanda hasi baina 15 minutu lehenago. Aldaketa txikiak egiten jarraituko dugu osasun egoeraren eta erabiltzaileen beharren arabera”.
2021/2022 Ikastaro eskaintza
Lehorreko ikastaroak irailaren 15ean hasiko dira eta aurten ere bigarren solairuan emango dira. Aurreko urteko ikastarogileek euren plazak erreserbatzeko aukera izan dute udan zehar eta, epe hau amaituta, ikastarogile berriek abuztuaren 31ra arte dute izena emateko aukera, Aritzbatalde Kiroldegiko harreran edo online. Ikastarogile berrien artean plazak bete eta zozketa burutu beharko balitz, hau irailaren 1ean egingo da. Ondoren, plaza librerik geldituko balitz, zuzenean egin ahal izango da izen-ematea.
Bestetik, haurren eta helduen igeriketa ikastaroak urriaren 4an hasiko dira, eta hiruhilekoak izango dira. Izena emateko epea irailaren 2tik 19ra zabalduko da eta zozketa burutu beharko balitz, irailaren 20an egingo da.
Seniorrentzako soinketa ere urriaren 4an hasiko da eta ikastaroen nondik-norakoak irailaren 1etik aurrera azalduko dira, pandemiaren bilakaeraren baitan.
Kiroldegiko eta igerilekuko eskaintza osoa