Aitor Esteban: “Espainiako Gobernuak leialtasunez jokatzen badu eta elkarrizketak eta informazio trukeak egokiak badira, gauzak ondo joango dira”

0
PRUEBA

Kongresuan Euskal Taldearen bozeramaile den Aitor Estebanek gaur bertan adierazi duenez, Euskal Taldeak legealdia “garatzen jarraitzeko” asmoa dauka eta, ziurtatu duenez, horretarako, EAJko diputatuek “beti bezala” jokatuko dute, “leialtasunez”.

Onda Vascan egindako elkarrizketa batean azaldu duenaren arabera, aurrean dugun aldi politikoan “tentsioa dago, orain arte bezala”. Halaber, Espainiako Gobernuak dituen erronketako batzuk aipatu ditu, besteak beste lan erreforma, pentsioak, sistema elektrikoa edo aurrekontuak. Horrenbestez, Euskal Taldearen bozeramailearen esanetan, “Espainiako Gobernuak ere leialtasunez jokatzen badu, elkarrizketak eta informazio trukeak egokiak badira, eta erabakiak hartzeko aukerak badaude, gauzak ondo joango dira”. “Horixe dio logikak: bete beharreko akordio batzuk daude, ez dago gehiengo absoluturik, eta elkarrizketa gailendu behar da”.

Estebanek, zehazki, Espainiako Gobernuarekin sinatutako konpromisoen betetze mailaren balorazioa egin du. Baieztatu duenez, nahiz eta “gauza batzuk bete diren, beste batzuek gure alarma pizten dute, besteak beste bizitzeko gutxieneko errentaren transferentziak, onartezina baita”. Euskal Taldearen bozeramaileak zuzenean jo du Escrivá ministroa atzerapen horren arduraduntzat eta, baieztatutakoaren arabera, Euskal Taldeak “hor jarraituko du, temati, transferentzia bete dadin eskatzen, halaxe azaltzen baita Gernikako Estatutuan eta halaxe ezartzen baitu Bizitzeko Gutxieneko Errentaren Legeak”.

Aurrekontuei buruz galdetuta erantzun duenez, gaur bertan dauka lehen bilera Espainiako Gobernuarekin, aurrekontuen “lerro nagusiak” ezagutzeko, baina ez du posizio jakin bat aurreratu. Azaldu duenez, “gure asmoa akordioak lortzea da, aurrekonturik ez egotea ez balitzateke ona”. Gaineratu duenez, hala ere, “horrek ez du esan nahi gure botoak zehaztuta daudenik, oraindik ez baitugu ezagutzen estatuko aurrekontu orokorren egitura, ez eta Espainiako Gobernuak onar ditzakeen konpromisoak ere”.

Kontuan hartuta Europako Funtsak oso garrantzitsuak direla EAJ-PNVrentzat, Euskal Taldearen bozeramailea kezkatuta agertu da “banaketa sakabanatua” izango dutelako. Bestalde, Estebanen hitzetan, EAJ-PNVk “herri moduan ibilbide orri bat dauka, Euskadi Next deritzona, eta horixe beteko dugu”.

Azkenik, gainean ditugun erreformei dagokienez, Estebanen ustez “badago tartea” lanbide arteko gutxieneko soldata igotzeko, aste honetan gizarte agenteen artean eztabaidatuko den gisan, eta legedia aldatzearen alde agertu da, argiaren igoera eteteko asmoz. Hala ere, Euskal Taldearen bi proposamenek lege-mailan izango duten garapenari buruz ezkor agertu da; hain zuzen ere, Mozal Legeari aldaketari eta Sekretu Ofizialen Legearen aldaketari buruz. “Nahiago nuke oker banengo, baina ez dut uste Espainiako Gobernuak erronka horiei ekingo dienik; ez dut uste ausartuko denik”, salatu du.