Gogorak Euskadiko memoriaren erakusketa gune berri «berezi eta erreferentziazkoaren» proiektu arkitektonikoa aurkeztu du

0

Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren erakusketa gune berrirako proiektu irabazlea aurkeztu dute institutuaren Bilboko egoitzan, Euskadiko memoriaren txoko “berezia eta erreferentziazkoa” izango dela nabarmenduz. Horixe adierazi du epaimahaiaren erabakia jendaurrean irakurtzeko ekitaldian izan den Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Artolazabalekin batera izan dira ekitaldian José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea eta Federico Soriano proiektu irabazlearen arkitektoa. Aintzane Ezenarro Gogora Institutuaren zuzendariak, beste bi proiektu finalistaren egileek eta epaimahaikideek ere parte hartu dute aurkezpenean.

Rodríguez Ranzek, epaimahaiaren lehendakari gisa, Gogoak Hedatuz izeneko proiektu irabazlea aukeratu duen erabakiaren akta irakurri du; jarduketaren helburua da arkitektonikoki definitzea erakusketa-espazioak duen erabilera publikoko eremua.

Ondoren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak hartu du hitza, eta zoriondu egin ditu aurkeztu diren sei proiektuen egileak, erakutsi duten “interesagatik eta kalitateagatik”. Horrez gainera, Gogora institutuko langileen eta bertako zuzendariaren, Aintzane Ezenarroren, lana ere eskertu du.

“Egin den lehiaketa, lehiaketaren akta eta gaurko aurkezpen hau etapa berri baten lehenengo harria direla esango genuke”, azpimarratu du sailburuak. Artolazabalek esan du Euskadiko memoriaren gizarte-eraikuntza ez dela gaur hasten: “jada hainbat hamarkada dituen bide luze baten emaitza da, eta bide horretan 2014an Gogora sortzea mugarri adierazgarria izan zen”.

Sailburuak bere esku-hartzean nabarmendu duenez, “Euskadin memoriaren pedagogiak txoko berezia, erreferentziazkoa, izango du Gogora institutuan”, eta “bisitatzeko, bertan ibiltzeko eta ikusteko” lekua izango dela esan du, eta, batez ere, “sentitzeko, esperimentatzeko, hunkitzeko eta hausnarketa egiteko” lekua. Sailburuak erantsi du hori guztia dela “memoriaren gizarte-eraikuntza; memoria bizia, memoria eraldatzailea”.

“Egia, justizia, errekonozimendua, erreparazioa esan nahi duen memoria; etorkizuna, elkarbizitza esan nahi duen memoria, eta balio eta printzipio etiko batzuen gainean eraikia”, adierazi du sailburuak. “Misio dibulgatzaile horretan kokatzen da Gogora institutuaren erakusketa gune berri hau, eta gaur gune horren oinarrizko ideiak aurkeztera etorri gara”, esan du. Aldi berean, adierazi du erakusketa gunea leku berezia dela, eta “forma berezi hori erronka handia izan da diseinu arkitektonikoaren eta ikuspegi museografikoaren aldetik”, zehaztu du.

Erakusketa gunea

Jarduketa Gogora institutuaren bulegoak dauden eraikineko patioan gauzatuko da. Okupatu daitekeen azalera gehienez 530 metro koadrokoa da, eta perimetroko hormak markatutako altuera izango du.

Diseinuak barne hartzen ditu patioaren bolumena, zuhaitzak eta lorategia, eta patioa eta eraikineko atondoa lotzea proposatzen du. Erakusketa gunea bisitatuko duten pertsonen erosotasuna, tenperatura eta aireztapena kontu handiz zaindu dira.

Guneak gogoeta egitera gonbidatzen du, eta horretarako eremuak erakusketa-esparru batetik besterako pasabidean egongo dira. Elkarrekintzarako txoko bat ere izango da.

Beti biktimak ardatz moduan jarrita, erakusketa eremuak argi eta garbi eta fisikoki honako azpieremu hauetan daude banatuta: Gerra Zibilari eta Diktadurari buruzko memoria; ETAren terrorismoaren memoria; eskuin muturraren terrorismoaren memoria; nagusikeriari eta indarkeria zilegi ez den moduan erabiltzeari buruzko memoria; eta bidegabekeriei aurka egiteko erresistentzia demokratikoaren memoria.

Artolazabalen eta Federico Sorianoren esku-hartzeak amaitu ostean, proiektu irabazlearen bideo bat eta infografiak proiektatu dira.

Izen handiko arkitektoa

Federico Sorianok (1961) 1986an atera zuen arkitekto titulua Madrilgo Goi Eskola Teknikoan (ETSAM). Proiektuetako irakaslea da 1993tik, eta irakaskuntzako unitate bat zuzentzen du 2006ko irailetik.

Bere proiekturik aipagarrienetako batzuk dira Bilboko Euskalduna Jauregia, Bilboko Bizkaia Plaza eraikina eta Bartzelonako Laminar dorrea.

Gogora institutuaren erakusketa gunearen kasuan, Soriano  Boslan Ingeniería y Consultoría eta Alaiki Zerbitzu Gizakulturalak euskal enpresek eta Madrilgo Imandra Project (2021eko Europako Museo Onenaren sariko finalista) enpresak osatutako ABEEaren buru da.