Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Euskadiko udako irteera-itzulera operazio bereziaren balantzea egin du, eta, adierazi duenez, istripuen kopurua % 7,7 jaitsi da, hildako gutxiago izan dira (iazko udan 10 pertsona hil ziren trafiko-istripuetan eta aurten 6) eta trafikoa zertxobait leheneratu da, % 3,23 egin baitu gora 2020ko aldi berarekin alderatuta (iraileko datuak zenbatzea falta bada ere).
Itsasartea igarotzeko operazioa bigarren urtez jarraian geratu da bertan behera, eta horrek nazioarteko trafikoa gutxitzea eragin duenez, aurtengo udan aurreko urteetan baino ilara gutxiago sortu dira Euskadin. Batez ere barruko joan-etorriak eta inguruko autonomia-erkidegoetara, hala nola, Errioxara, Nafarroara, Kantabriara, Burgosera eta Iparraldera bideratutako trafikoak erregistratu dira. Zirkulazioa arina izan da orokorrean, eta auto-ilarak batez ere A-8an, Kantabriarako noranzkoan, sortu dira, eta kamioiak pilatu izanaren ondorioz, eta une puntualetan, Frantziako mugan. Hain zuzen ere, A-8ko zirkulazioa, Kantabriarako noranzkoan, zertxobait arindu ahal izateko, istripuren bat gertatuz gero, garabi bat egon da Barakaldo eta Kantabriako muga bitartean jaiegunetan eta ibilgailu gehien ibiltzen den asteburuetan. Guztira 13 erreskate egin ditu (10 matxuragatik eta 3 istripuagatik).
Oraindik iraileko datuak erregistratzea falta bada ere, lehenengo balantzearen arabera ekainean, uztailean eta abuztuan 29.776.103 joan-etorri egin dira Euskadiko errepideetan, 2020an baino % 3,23 gehiago (iaz 28.843.338 egin ziren), baina 2019an baino zertxobait gutxiago (30.411.474).
Irteera-operazioa
Irteera-operazioa arintasunez egin zen eta ez zen gomendatu beharrik izan A-1en paraleloan doan N-1eko ordezko bidea erabiltzea Argantzun eta Armiñongo AP-1erako sarbide artean.
Araban uztailaren 4a izan zen egunik zailena, Errioxatik sartutako ibilgailuek 8 km-ra arteko ilarak sortu baitzituzten N-124ean, Gasteizerako noranzkoan, Armiñonen.
Bizkaian, bestalde, trafiko astuna ia asteburu guztietan eta Bilbotik Kantabriako kostalderako irteeretan sortu zen. Horrela, uztailaren 9an, ostiralean, 15 kilometroko auto-ilarak sortu ziren A-8an, Muskiz eta Barakaldo artean, Kantabriarako noranzkoan. Bide-zati horretan bertan 14 kilometroko ilarak sortu ziren uztailaren 16an eta 17an.
Gipuzkoan auto-ilara luzeenak uztailaren 14an sortu ziren mugan, AP-8an, Frantziarako noranzkoan, eta 8 km-ra iritsi ziren Frantzian jaieguna zelako kamioientzat ezarritako murrizketen ondorioz.
Itzulera-operazioa
Itzulera operazioan Eusko Jaurlaritzak seinaleztapen berezia jarri du Armiñongo lotuneko trafikoa arintzeko AP-1 autobideko irteeran, Gasteizerako noranzkoan. Konoen bidez A-1eko hiru erreietako bat uzten da AP-1etik sartzen diren ibilgailuentzat.
Dena den, itzulera oso mailakatua izan da, apenas sortu dira auto-ilarak, hain zuzen ere, Euskadi zeharkatu ohi duen nazioarteko trafikoa gutxitu izanaren ondorioz.
Gipuzkoan auto-ilara luzeenak abuztuaren 26an eta 27an sortu ziren AP-8an, Frantziako mugan, eta 9 km-ra arte iritsi ziren ibilgailuak pilatu izanaren ondorioz.
Bizkaian aurten ez da pilaketa aipagarririk izan, eta Araban, berriz, abuztuaren 27an 8 km-ko ilarak sortu ziren A-1 eta N-622 errepideak lotzen diren lekuan, Irunerako noranzkoan, kamioi baten matxuraren ondorioz.
Istripuen tasa
Aipatu behar da aurtengo udan iazkoarekin alderatuta mugikortasunak zertxobait gora egin duen arren, istripuen tasak nabarmen egin duela behera. Guztira 6 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan uztailean eta abuztuan: 2 Gipuzkoan, 2 Araban eta 2 Bizkaian. Hildakoak 2020ko aldi berean baino 4 gutxiago izan dira, eta horietako bat motor-gidaria zen eta gainerakoak autoen edo bestelako ibilgailuen gidariak.
Ertzaintzak erregistratutako datuen arabera, aurtengo udan istripuen kopurua % 7,7 murriztu da Euskadin. Guztira 1.121 istripu gertatu dira: 410 Gipuzkoan, 462 Bizkaian eta 249 Araban.
Aurtengo urtean, orain arte, 36 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan, eta horietatik 14 motorrean zihoazen, bat bizikletan, beste bat oinez eta gainerakoak autoetan edo bestelako ibilgailuetan.