BAFFEST Lehiaketaren atzera begirako «Sortu. Errebelatu. Orekatu.» erakusketa Jaialdiaren VI. Edizioaren atarikoa izango da

0

«Sortu. Errebelatu. Orekatu.» BAFFESTek, emakume argazkilarien Barakaldoko hiri-jaialdiak antolatzen duen atzera begirako argazki-erakusketa da, Barakaldoko Udalak bultzatuta eta Fotopop Producciones Culturalesek antolatuta. Erakusketa hori urriaren 1etik 31ra Barakaldoko kaleak hartuko dituen VI. Jaialdiaren atarikoa izango da. Sortzaile horiei lekua egiten jarraitzeko jaialdiaren parte izaten jarraitu gura duen erakusketa honetarako 10 emakume argazkilari aukeratu dira. Emakunderen laguntza izan du, eta Foruen Pasealekuan bisitatu ahal izango da, aire zabalean.

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Yone Estibariz erakusketan parte hartzen duen argazkilariak aurkeztu dute erakusketa.

BAFFEST Barakaldon sortu zen, argazkilaritza artistikoan eta dokumentalean emakume argazkilariek duten presentzia orekatzen lagunduko zuen espazioa emateko konpromisoarekin.

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, emakumeek artearen munduan egiten duten lana nabarmentzeko Baffest jaialdiak egiten duen lana nabarmendu du. «Barakaldon euren artea adierazteko bozgorailurik onena aurkitu duten dozenaka emakume argazkilarik objektiboaren ostean egiten duten lana ezagutzeko aukera eskaintzen digu Baffestek. Izan ere, hori da jaialdi hau, bozgorailu bat, emakumeen sinadura aldarrikatzeko aukera bat. Haientzako jaialdi bat da. Ekintza honen helburua genero berdintasuna lortzeko guztion artean eraikitzen ari garen mendian ale bat gehiago jartzea da. Eta kalean bertan egiten dugu, gure hirian ibiltzen diren pertsona guztien eskura dauden oso erakusketa bisualekin».

Aurten ere, berezia den 2021eko honen barruan, emakume argazkilariekin eta euskal artistekin duen konpromisoa berresten du jaialdiak, euren historiaren parte izan daitezen eta oraina sortu, idatzi edo argazkietan irudikatu dezaten. «Sortu. Errebelatu. Orekatu.» erakusketa aurreko edizioren batean parte hartu zuten hamar argazkilariren hamar irudik osatzen dute. Emakundek lagundutako erakusketa da, eta Gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari diren euskal emakume argazkilarien Lehiaketaren (2016-20) atzera begirakoa da.

Bestalde, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak eskerrak eman dizkio Barakaldoko udalari erakusketa hau eta Baffest jaialdia antolatzeagatik, «bultzada handia ematen diolako emakumeek eremu publikoan eta sektore guztietan –kasu honetan, argazkigintzan– hain beharrezkoa duten ikusgaitasunari. Emakume argazkilarien erakusketa honekin euren begirada bezain garrantzitsua den zerbait erakusten zaio munduari. Emakumeek munduari begiratzeko duten modua, historian zehar hainbatetan ikusezin eta isilarazia izan dena».

Aurrera jarraitzeko, BAFFESTek atzera begiratu du eta aurreko edizioetako finalistetako batzuk gogoraraziko ditu «Sortu. Errebelatu. Orekatu.» erakusketarekin, hamar argazkilariren eskutik:

  • Yone Estívariz
  • Ura Iturralde
  • Maied Urrutia
  • Izaskun Luengas
  • Ainhoa Resano
  • Ana Martín
  • Arantza Elejabeitia
  • Lola Guerricaechebarria
  • Jennifer Custodio
  • María Aurtenechea