Idoia Mendiak defendatu du “krisiarekiko erresistentzia fasea gainditzea eta herrialdea eraldatzeko etapa batera pasatzea, gizarte-kohesioaren ildotik”

0

Idoia Mendia lehendakariordeak eta Lan eta Enpleguko sailburuak aditzera eman duenez, gizarte-eragileekin izandako bilerei esker, elkarrizketa zintzoa izan da enpleguaren egungo egoerari buruz eta enpleguaren kalitateari buruz. Lehendakariordeak defendatu du “krisiarekiko erresistentzia fasea gainditzea eta herrialdea eraldatzeko etapa batera pasatzea, lehiakortasunaren eta gizarte-kohesioaren ildotik —biak aldi berean—”.

Mendia lehendakariordeak, Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearekin eta Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordearekin batera, urte politiko honetan, gizarte-eragileekin bilerak eginez zabaldu nahi izan du Sailaren agenda —legegintzari ere horrelaxe eman zion hasiera—. Izatez, hamabi hilabete hauetan enpleguan gertatutakoari buruz eta etorkizunean eskainiko zaizkigun aukerei buruz hitz egin du gizarte-eragile guztiekin.

Joan den uztailean hitzartu ziren bileretara bertaratu dira Confebaskeko ordezkariak eta ELA, LAB, Comisiones Obreras eta UGT sindikatuetako ordezkariak. Lehendakariordeak solaskideei jakinarazi die Sailaren ateak beti zabalik eduki nahi dituela enpresen ordezkarientzat zein langileen ordezkarientzat. “Zenbait solasaldi-mailatan garatu dugun jardunbidea da. Baina uste dugu gizarte-elkarrizketa uneoro dela ona, eta bereziki garrantzizkoa dela beste urte politiko bati hasiera eman behar diogunean; batik bat urte honetan Euskadiri bultzada erabakigarria emateko aukera handiak sortzea espero denean”, eman du aditzera Mendiak.

Azaldu duenez, gizarte-eragileekin egiten den elkarrizketa hori Gizarte Elkarrizketako Mahaiaren osagarria da; izatez, “politika publikoak ituntzeko foro utziezina da, gizarte-eragile guztiek politika publiko horietan esku hartzeko aukera izan dezaten”. Foro hori irailaren 14an, asteartea, bilduko da berriro, eta bertan aztertuko dira hilabete hauetan lantaldeetan lortutako akordioak.

Bileretan enpleguaren bilakaera aztertu da, iazko irailaz geroztik etengabe eta tinko jaitsi baita. Horrek ekoizpen-sarearen konfiantza eta enplegua babesten lagundu duen inbertsio publikoaren garrantzia erakusten du. Aitzitik, oraindik hor daude krisialdiaren aurretik zeuden defizit estrukturalak, batez ere enpleguaren behin-behinekotasuna, langabeziaren kronifikazioa, eta emakumeek eta gazteek kalitateko lan egonkorra lortzeko dituzten zailtasunak.

Ezbehar kopurua eta lan-gatazkak

Mendiak uste du Ministerioa gai izango dela Langileen Estatutu berria artikulatzeko, betiere eragileen adostasunarekin. Izatez, Langileen Estatutu berria lan-eskubideak hobetzeaz gain, lehiakortasun-faktore ere izango da enpresentzat. Azaldu duenez, prekarietatea da aurten istripu kopurua gehitzearen arrazoietako bat. “Gure lehentasunen agendan jasota dagoen alderdia da, eta zorroztasunez aztertu nahi dugu. Kontratazio berrien erdiak baino gehiago hilabetetik beherakoak baldin badira, arazo bat dago pertsona horiek prebentzioan prestatzeko. Nolanahi ere, badira Osalanek aztertzen dituen beste faktore batzuk ere, hala nola arrisku psikosozialak edo pandemiaren eta aldez aurreko jarduerarik ezaren ondorio izan daitezkeen beste arrazoi batzuk, lanean eragina duten osasun orokorreko arazoak. Alderdi horiek ixten ari garen eta urtea amaitu baino lehen onartuko dugun Estrategia berriaren parte izango dira”, aurreratu du.

Lehendakariordeak enpresa batzuetako lan-gatazkari ere heldu dio, eta negoziazioaren eta akordio sozialaren alde egin du, judizializazioa saihets dadin eta epai kontraesankorrik egon ez dadin, azkenaldi honetan ikusi den bezalaxe. “Segurtasun juridikoko gai bat ez ezik, lan-taldearen egonkortasunaren arloko eta produkzio-behar berriekiko egokitzapenaren arloko ziurtasunei buruzko gaia ere bada. Eta, horretarako, barne-akordioa da formularik onena, ez baita ideia ona enpresaren lan-harremanak hirugarren baten esku uztea”, adierazi du. Gero, Saila eskaini du akordio horiek errazteko bide gisa.

Sailaren ekintzak

Bilerei esker, Lan eta Enplegu Sailak bultzatutako ekintzak berrikusi ahal izan dira. Jaurlaritzak hamarkada baterako Enpleguaren Euskal Estrategia onartu du, eta estrategia horrek gizarte-eragileen eta parlamentu-talde guztien ekarpenak jaso ditu; dena dela, estrategia horren hedapenak gizarte-eragile guztien inplikazioa beharko du.

Era berean, kalitateko eta berdintasuneko enplegu-eredu berria eta inklusiboa lortzera bideratutako programa berriei buruz hitz egin da. Enplegu-eredu hori zuzenduko zaie, nola krisian dauden enpresetako langileei, hala sektore maskulinizatuetako emakumeei eta enplegu-hobi berriei. Lehendakariordeak LANBIDE eraldatzeko prozesuan egindako aurrerapausoak azaldu ditu; izatez, lortu nahi da LANBIDE zerbitzu publiko eraginkorra izatea eta zerbitzu hori egokitzea Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistemari buruzko Legeak eta Euskal Enplegu Sistemari buruzko Legeak ekarriko dituzten aldaketetara.

Azkenik, Europako funtsak iritsiko diren testuinguruan, Sailaren aurrekontu-asmoak aurreratu dizkie Mendiak gizarte-eragileei; funts horiek “altxor publikoari egindako diru-sarrera bat baino gehiago dira; administrazioek euro horiek politika publiko eraginkorretan gauzatzeko erronka dute”.