380.000 euro Lanbide Heziketako irakasleen gaurkotze zientifiko eta teknologikorako

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2021eko ekitaldian itunpeko ikastetxeetako Lanbide Heziketako irakasleen gaurkotze zientifiko eta teknologikoa –erronka errealetan oinarritua eta enpresekin lankidetzan- sustatzeko  dirulaguntzak deitzen dituen agindua.

Lanbide Heziketako irakasleen gaurkotze zientifikoa eta teknologikoa, ikastetxe eta enpresaren arteko lankidetzaren bidez sustatzeko jarduerak bultzatzea du deialdi honek helburu, 380.000 euroko zenbateko globalarekin. Lankidetza hori honetan oinarrituko da: irakasleek enpresan behatzea bai produktuen bai ekoizpen-prozesuen garapena eta horietan enpresak hobekuntza-aukera bihurtu nahi dituen erronkak detektatzea. Ikastetxearen eta enpresaren arteko berrikuntza-proposamen baten bidez ebazten saiatuko dira erronka horiek eta TKGUNE programan txertatuko da. Hori guztia TKNIKAko (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroa) Ingurune Estrategikoetan Berrikuntza Aplikatutako Arloak koordinatuko du.

Honen guztiaren helburua da irakasleek konpetentzia zientifiko eta teknologikoak eguneratzea beren espezialitateari dagozkion ekoizpen-sektoreetan planteatzen diren erronka errealetan lan eginez. Ondoren, irakasle horiek ezagutza hori guztia ikastetxeko ikasleei eta gainerako irakasleei transmitituko diete; hartara, horrekin ekarpena egingo zaio Lanbide Heziketako irakasleen eta ikasleen STEAM gaitasunen garapenari.