Lehendakariordeak esan du lehentasuna krisi honetatik «Euskadi justuago, inklusiboago eta berdinago batekin» ateratzea dela

0

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak adierazi duenez, «Ez dugu pandemiaren aurreko egoerara itzultzea bilatzen», baizik eta «gizarte justuago, solidarioago eta berdinago batekin atera nahi dugu, inor atzean utziko ez dugun gizarte batekin», eta hori lehentasunezkotzat jo du hasi berri den ikasturtean. Horretarako, «Guztiak ditugu, eta, bereziki, laneratzeko enpresak».

Gizatea Euskal Herriko laneratzeko enpresen elkarteak Irunen egin duen 2020ko Memoria Sozialaren aurkezpenean egin ditu adierazpenok Mendiak. «Euskadiko eredu ekonomikoaren funtsezko zutabea diren» laneratzeko proiektuak ezagutzeko jardunaldi batean, lehendakariordeak esan du «krisirik handienari aurre egiteko gaitasuna erakusten ari direla, eta oinarririk onena dutela susperraldi handiko aro berri bati ekiteko, aberastasuna sortzea baino haratago doan helburu batekin, erabateko kohesio sozialarekin».

Zentzu horretan, «Ez dugu pandemiaren aurreko egoerara itzultzea bilatzen. Lehiakorrak izan nahi dugu, eta lehiakortasuna da aurrerapen ekonomikoak lotura estua izatea gizarte-kohesioarekin. Gure lehentasuna da bihar Legebiltzarrean hasiko den urte politiko honetarako: agenda sozial bizia, Euskadi berri justuago, solidarioago eta berdinago baterako».

Zeregin horretan aurrera egiteko, lehendakariordeak berretsi du «guztiak» ditugula, eta «lan-merkatutik urrunen daudenei laguntzen dieten enpresa horiek» ezinbesteko parte direla «modernizazio proiektuan».

«Inor atzean ez uzteaz ari garenean, inor aukera gabe ez uzteaz ari gara. Ez gazteei, ez 45 urtetik gorakoei, ez emakumeei, ez enplegua lortzeko eta gizarteratzeko zailtasun gehigarriak dituztenei. Eta hor azaltzen dira Enplegu Sailak legealdi honetan egin dituen jarduera guztiak, krisiaren larrialdiei aurre egiten genien bitartean aurrera egin baitugu”, gaineratu du.