Eusko Jaurlaritzak ahalik eta azkarren aztertu ditu atzo ministroen kontseiluan onartutako aldaketak, covid-19k eragindako sektoreei zuzeneko laguntzak emateari buruzkoak

0

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saila ahalik eta lasterren aztertzen ari da atzo Ministroen Kontseiluan onartutako eta gaur BOEn argitaratutako aldaketak, enpresen eta autonomoen kaudimenari laguntzeko zuzeneko laguntzei buruzkoak. Une honetan, nolabaiteko harriduraz ikusten dira planteatutako aldaketak, irismen handiagokoak izango zirela espero baitzen. «Laguntza zuzenak eskuratzeko baldintzak nabarmen aldatu behar ziren, onuradun gehiagorengana iristeko eta laguntza horien kudeaketa arintzeko», -adierazi du Pedro Azpiazuk, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak- eta iruditzen zaigu aldaketa horiek ez dutela egoera irauliko, enpresa gehiagorengana iritsiz eta sartzeko baldintzak hobetzen».

Bi aldaketa gertatu dira:

– Laguntzen estaldura-epea irailaren 30era arte luzatzea (orain arte maiatzaren 31 zen): badirudi baldintza hori aldatzeak ez duela eragin handirik izango, baina baliteke aldaketa horrek berekin ekartzea enpresek eta pertsona autonomoek eskaera berriro egin behar izatea, hasierakoan sartu ez dituzten gaiak izan baititzakete.

– Beste laguntza batzuek estali ez dituzten kontabilitate-galerak sartzea: puntu hau arretaz aztertu behar da, «Kontabilitate-galeretan» sartutako irizpideak aztertzeko, eta, horrez gain, autonomoek eta enpresek kontzeptu hori justifikatzeko erabili dezaketen formula ezagutzeko.

 

Bestalde, laguntzak emateko epea ere ez da luzatu –Europar Batasunak ezartzen du laguntzak, nahitaez, 2021eko abenduaren 31 baino lehen eman behar direla–, eta ez da kendu 2020ko eragiketa-bolumenaren beherakada %30etik gorakoa izan zenik 2019koarekin alderatuta, besteak beste.

Hori guztia kontuan hartuta, Ekonomia eta Ogasun Sailak hil honetan ordainduko ditu Gobernu Kontseiluak ekainaren 22an onartutako 1. lerroaren egungo deialdiaren ebazpenak, eta urrian bigarren deialdi bat egingo du baldintza berriekin.

 

Gaur egun, Euskadin 4.500 eskaera inguru egin dira; horietatik %40 ostalaritza-sektoreari dagozkio, %30 merkataritzari eta %6 kultura- eta kirol-sektoreari, besteak beste. Bizkaiak eskaeren %50 hartzen ditu, Gipuzkoak %40 eta Arabak %10.