Ertzaintzak eta udaltzaingoek zainduko dute LABIk hartu dituen eta indarrean bihar jarriko diren osasun-neurri berriak betetzen diren

0

Euskadiko poliziek jarraitu egingo dute herritarrak babesteko eta zaintzeko lanetan, gaur onartu diren azken neurriak kontuan hartuta. Gainera, gogorarazi dute aforoak eta ordutegiak zabaltzeko erabakia hartu bada ere, nahitaez bete beharreko hainbat osasun-neurri daudela, eta horiek ere errespetatu egin behar direla.

Alde horretatik, Ertzaintzak eta Euskadiko udaltzaingoek jarraitu egingo dute leku itxietan eta 1,5 metroko segurtasun tartea gorde ezin den kanpoko lekuetan maskara erabiltzen dela zaintzen. Oso garrantzitsua da gogoan izatea erabat debekatuta dagoela ostalaritzako establezimenduetan edariak zutik edo barran kontsumitzea, bai eta kalean alkohola edatea, botiloiak egitea eta jendetza pilatzea ere, guztion osasuna jartzen baitute arriskuan. Era berean, errespetatu egin behar da ostalaritzako establezimenduetako mahaietan, bai barruan bai kanpoan, gehienez egon daitekeen pertsona kopurua ere.

Kirola eta ikuskizunak

Aforoak zabaldu izanaren ondorioz, ezinbestekoa da osasun-agintariek kirol eta ikuskizun aretoetarako ezarritako protokoloak errespetatzea eta betetzea. Ertzaintza eta udaltzaingoak arduratuko dira alderdi horiek guztiak zaintzeaz.

Futbol profesionalaren kasuan, esate baterako, futbol-zelaietan % 60ra arte zabaldu da aforoa, eta horren ondorioz asteburu honetan 20.000 ikusletik gora sar daitezke Donostiako Reale Arena estadioan eta 10.000tik gora Gasteizko Mendizorrotzan. Horren aurrean, Ertzaintzak eta udaltzaingoek euskal taldeetako zaleei eskatzen diete arduratsuak izateko jendetzarik pila ez dadin, eta kontuan izateko estadioetako sarreretan egongo diren langile baimenduen argibideak, seinaleak, ibilbideak markatzen dituzten geziak, eta abar. Horrez gainera, zaleen artean segurtasun tarteak gorde behar dira, maskara jantzita izan behar da beti eta partidu osoan eserlekuan eserita egon behar da.