Donostiako Tokiko Gobernu Batzordeak onartu dituen gaiak

0

Autobus elektriko adimenduna

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du elkarrekin adostuta baliogabetzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Donostiako Udalak 2020ko uztailaren 10ean sinatutako lankidetza hitzarmena, Donostian autobus elektriko adimendunaren proiektua idatzi eta ezartzekoa.

Bi alderdiek ondorioztatu dute hobe dela Udalak proiektua idaztea, zehatzago ezagutzen dituelako erabiltzaileen beharrak eta hiriaren ezaugarriak, zerbitzuei, azpiegiturei, gauzatzearen eraginei eta abarri dagokionez. Baldintza eta ardura berriak zehazten dituen hitzarmena laster onartuko du Udalak.

Era berean, Udalak martxoan onartutako konpromiso-kredituak aldatzea erabaki da, proiektua idazteari eta ondoren autobus elektriko adimenduna ezartzeari dagozkionak. Kreditu horiek honela geratuko dira: 2022. urtean, 140.000 €; 2023. urtean, 273.000 €; 2024. urtean, 7.280.000 €; 2025. urtean, 1.302.000 €.

Zurriolako kolektorea

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Zurriola pasealekuan hiriaren ekialdeko kolektore orokorraren zati bat osorik konpontzeko proiektua gauzatzeko obren kontratazio-espedientea. Lizitazio aurrekontua 1.979.367 eurokoa da eta exekuzio epea 6 hilabetekoa.

Kabina autogarbigarriak

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Loiola auzoko Latsari plaza inguruan eta Mikeletegi pasealekuan bi kabina autogarbigarri jartzeko hornidura eta instalazioa xede duen kontratazio espedientea.

Erabilera mistoko gela bateko bi kabiba autogarbigarriar dira, desgaitasuna duten pertsonentzat egokituak. Kanpoan hiru plazako pixaleku izango dituzte manpara babeslearekin. Komun publiko bakoitzaren aurrekontua 48.400 eurokoa da, eta entregatzeko eta instalatzeko epea 8 astekoa.

LED argiteria ikastetxeetan

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Amara Berri Morlans, Aitor Konkorrenea, Arantzazuko Ama Martutene Ikastetxea, Zuhaizti Aldakonea, Altza Ikastetxea eta Igeldo Ikastetxea eraikinetan dauden fluoreszentzia argiteriaren ordez LED argiteria jartzeko proiektuan jasotako obrak egiteko kontratazio espedientea. Lizitazio-aurrekontua 253.785 eurokoa da, eta gauzatze-epea hilabete batekoa lote bakoitzeko.