Donostia Zinemaldiaren Publikoaren Saria babestuko du Udalak

0

Donostiako Udalak seigarren urtez jarraian babestuko du Zinemaldiaren Donostia Hiria Publikoaren Saria. Udalak herritarrei egindako omenaldia ere bada ekimena, haiek baitira bozketa bidez saria ematen dutenak. Golardoa Donostia 2016ren testuinguruan sortu zen eta Europako Kultura Hiriburuaren legatu gisa dirau.

Perlak sailak 17 film luze erakutsiko ditu aurten, eta horietako 14 Donostia Hiria Publikoaren Saria jasotzeko lehiatuko dira. Hautaketan dauden titulu guztiek nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetan kritikaren txaloak edo sariak jaso dituzte. Victoria Eugenia antzokian proiektatuko dira eta filmaren lehenengo emanaldira bertaratutako ikusleek aukeratuko dute irabazlea. Saria Zinemaldiaren amaiera-galan emango da.

Donostia Hiria Publikoaren Sariak bi sari hartzen ditu barnean:

  • film onenaren saria, 50.000 euroz hornitua,
  • Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa.

Sariaren bitartez, betiko hiriarekin lotuta geratuko dira bi filmak.

Iaz, Florian Zellerren The Father lanak irabazi zuen film onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria, eta ondoren aktore nagusi onenaren Oscar saria (Anthony Hopkins) eta gidoi onenaren Oscar saria irabazi zituen, baita Europako film onenaren Goya saria ere. Halaber, Maite Alberdiren El agente topo / The Mole Agent Europako film onenaren irabazlea izan zen Donostian eta film luze dokumental onenaren Oscar saria lortzeko lehian parte hartu zuen.

Halaber, aurten berrituko da Perlak saileko film-aurkezpenetako irudia. Hainbat edizioz Izibene Oñederraren lana ikusi ahal izan da Victoria Eugenia antzokiko pantailan eta edizio honetatik aurrera, Bego Vicario euskal artista eta zinemagilearen kartela egongo da ikusgai. Enkargu hauek Zinemaldiaren filosofiaren barruan kokatzen dira, hau da, hainbat diziplinatako euskal artea Zinemaldian egotea. Isabel Herguerak 2015ean eta Izibene Oñederrak 2016an diseinatu zituzten (eta emakumezko lehen artistak izan ziren), Euskal Zinemaren eta Perlak filmaren kartelak, hurrenez hurren. Aurtengo edizioan Udane Juaristi eta Bego Vicario sortzaileek izango dute eginkizun hori.

Gizarte talde behartsuentzako doako sarrerak

Bestalde, Zinemaldiarekin batera, Udalak Zinemaldirako doako sarrerak banatuko ditu behar ekonomiko handienak dituzten kolektiboen artean. Aurtengo edizioan ere, edukiera eta sarrera-kopurua murriztu direnez, Gizarte Ekintzako udal-zerbitzuen bidez oraindik zehazteke dagoen sarrera batzuk banatzea adostu dute bi aldeek.